Jon Muxika bergararrak finalera sailkatzea du helburu egunotan

Ubane Madera 2013ko abu. 7a, 17:06

Gaur, eguaztena, 11:30ean abiatu da Jon Muxika bergarar igerilari gaztea Kanariar irletarantz, Espainiako igeriketa txapelketan lehiatzeko. Debagoieneko ordezkari bakarra izango da bera, eta Bidasoa 21 taldearekin lehiatuko da Espainiako txapelketa absolutuan, beste bederatzi igerilarirekin batera: sei mutil eta hiru neska. Helburua argi du: 50, 100 eta 200 metrotan finalerako txartela lortzea, bizkar-igeriketan.

Maletak egiten zebilela harrapatu dugu Muxika, La Palmara abiatu bezperan; eta aitortu digu dagoeneko urduritasun puntu bat baduela datozen egunotan aurrez aurre duenarengatik. Baina era berean, berak egin du berea, martxoaz geroztik buru-belarri dihardu-eta txapelketa hori prestatzen.

Txapelketa absolutua, podiuma nekezagoa

Esandako moduan, finalerako sailkatzearekin pozik itzuliko litzateke Kanariar irletatik Debagoieneko igerilari gaztea; izan ere, eta nahiz eta iaz bigarren postua eskuratu Espainiako txapelketako Junior mailan, oraingo honetan zailago izango du podiuma lortzea; txapelketa absolutua izanda, adin guztietako igerilariak izango direlako lehian. Edozelan ere, ondo babestuta egongo da bergararra txapelketara. Ama bertan du dagoeneko eta aita berarekin abiatu da.

Azaroan, berriro

Ea bada zorterik baduen egunotan. Hala ere, Muxikarendako ez da mundua bukatuko Kanariar irletan, ezta gutxiago ere. Bergararrak dagoneko badu hurrengo erronka buruan: azaroan jokatuko den Espainiako txapelketa absolutua.

06:00etan igerilekura

Aitortu digunez, hain justu ere, horixe da berak duen gorenengo nahia: Espainiako txapeldun izatea. Nahiko luke Europan ere jardutea, baina berak dioen moduan, horretarako prestaketa handiagoa beharko luke, eta dagoeneko nahikoa lan hartzen du 18 urteko gazteak ikasketak eta igeriketa uztartzen: 06:00etan hasten du eguna entrenatzen, eskolara joan aurretik. Eta eskolaren ondoren ere, atzera ere sartzen da igerilekuan.

Azken hiru urteotako emaitza onek laguntzen ei diote aurrera egiten, Xabier Infante entrenatzaile oñatiarrari esker lortutako emaitzek, bere esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak