Atzo, astelehena, Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoaren arabera, Elkoro, Otegi, Garmendia zein Kortazar dagoeneko epaitu dituzte "talde terroristako kide" izatearen akusaziopean.
Elkoro: 18/98 sumarioan
Gurera etorrita eta Elkororen kasuan, 18/98 sumarioan epaitu zuten hura, eta hamabi urteko zigorra betetzen dabil orain, Elkororen kasuan etxean, gaixorik dagoelako. Gauzak horrela, urriaren 17an, Herriko tabernen auzian (35/02) delitu beragatik epaituko lukete Elkoro, eta hori ez du egiten uzten Espainiako legediak.
Otegi, Garmendia eta Kortazar
Egoera berean leudeke Otegi (Bateragune auzian epaitu ostean, preso dago, hamar urteko kartzela zigorra betetzen); Garmendia (Udalbiltzaren kontrako auzian epaituta eta absolbituta) eta Kortazar (Frantzian 2004an epaitua, ETAko kide izatearen akusaziopean).
Zortzi-hamabi urteko zigorra
Beraz, 40 barik 36 izango dira urriaren 17an epaituko dituzten inputatuak. Zortzi eta hamabi urteko kartzela zigor eskaera izango dute aurrez aurre, esandako moduan, ETAko kide izatea edo erakunde armatuari laguntzea egotzita.