Kaleko musika dantzagarria Beat 'n Blow taldearen eskutik

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko uzt. 26a, 18:19

Alemaniatik Bergarara dator Beat 'n Blow taldea udako egubakoitz gaua girotzeko asmoz. Kontzertua Berumuga ekimenaren barruan dago eta jazz, funk, hip-hop eta bestelako doinu dantzagarriz girotuko dute gaur Espaloia, 22:00etan hasita.

Doinu alaiak eta melodikoak; horixe da Beat 'n Blow taldearen eskaintza. Bederatzi kidek osatuta, antolatzaileek esan bezala, "dantza egiteko musika akustikoa egiten dute, ahotsak, haize-instrumentuek eta perkusioak lagunduta".

Hala, musikariei dagokienez, bina bateriak, saxofoik eta tronpetak, tronboi eta tuba banak eta abeslariaren ahots indartsuak osatzen dute Beat 'n Blow.

Urte luzetako bidea

Ibilbide luzeko taldea da alemaniarra: 1994an sortu zen eta handik bi urtera kaleratu zuten aurreneko diskoa: Modern Brass. Bigarren lana kaleratzeko zazpi urte igaro behar izan ziren; hain zuzen, 2003an ikusi zuen argia Time diskoak.

Sound of BlasMusik izan zen hirugarrena, 2006an grabatu zutena. Eta 2011n, aldiz  Nackt und Roh izena ipini zioten lana aurkeztu zuen taldeak; 12 kantu jasotzen ditu alemaniarren azken diskoak.

Gaur Bergaran arituko den taldeak nazioarteko agertoki ugari zapaldu ditu: Erroma, Atenas, Dublin, Brusela, Britainia Handia eta beste toki batzuetan harrera bikaina egin diote jo eta putz egiten duen taldeari.

Kirkit Ensemble, abuztuan

Kirkit Ensemble taldeak emango dio amaiera 2013ko Berumuga ekimenari abuztuaren 7an, eguaztenean. Kirkit-a "nomadek orrazteko eta tapizean hariak elkartzeko erabiltzen duten tresna da eta taldekideek kantuaren nomadatzat dute euren burua".

Kultur tradizio askotariko abestiak interpretatzeko sortu zen taldea; tartean, pop, rock, eta folk estiloetakoak. Guztiak, baina, a capella.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak