Antolaketa berria, hortaz, hauxe izango da: San Martin eta Munibe plazetan, lehiaketan parte hartuko duten fruta eta barazki postuak egongo dira; gazta lehiaketako postuak Munibe plazan jarriko dituzte; eta Monzon eta Ariznoa plazetan baserriko produktuen gainerako postuak egongo direla aurreratu dute Udal arduradunek.
Taloen txosna, Ariznoa plazara
Txosnen kokapenean ere aldaketa egongo da: herriko harategietako odolosteen txosnak San Martin plazan jarraituko du, baina taloena, Ariznoa plazara lekualdatuko dute.
Antolaketa berriarekin Alde Zaharrari bultzada eman nahi diote Udaletik. "Indarberritzeko beste ahalegin bat" dela azaldu du Maren Belastegi zinegotziak. Azokaren ostean aldaketaren egokitasuna ere baloratuko dutela gehitu du.
Baina ez da hori izango feria eguneko berrikuntza bakarra, arratsaldean Larrain dantza egiteko aukera egongo da.