Necocheako euskaldunen dantza erakustaldia Bergaran

Jende ugari bertaratu zen atzo arratsaldean Necocheako (Argentina) Zahar Alai taldeko lagunek Bergarako San Martin plazan eskainitako dantza saioa jarraitzera. Euskal dantzez gainera, Argentinako kantu eta dantzen erakustaldia ere egin zuten.

"Euskal dantzak egingo ditugu, baina gure herriko zatitxo bat ere ekarri gura izan dugu". Bi kulturen arteko fusioa egiteko helburua zutela eman zuten aditzera saioa hasi aurretik taldeko kideek. Eta horrela egin zuten.

Eta San Martin plazara bertaratutakoak gustura egon ziren, txalo zaparradak eskaintzen zizkieten-eta dantzariei erakustaldi bakoitzaren amaieran. Zuzeneko musika ere jarraitu ahal izan zen, gitarraren, flautaren, tinbalaren eta trikitiaren doinuak ahotsekin lagunduta. 

Abuztuaren 11ra arte Bergaran

Duela bi aste iritsi ziren Euskal Herrira Necocehatik 21 lagun eta atzo Bergaran  hartu zuten lur eta abuztuaren 11ra arte bertan egongo dira.

Hain zuzen ere, Aritz Alustiza bergararraren bidez etorri dira: "Birritan egon naiz ni han, eta beti esan izan didate etorri gura zutela. Aukera eduki dute, eta Bergarara etortzera animatu ditut". Egun hauetarako egitarau zehatzik ez die prestatu, "momentuan ikusiko dugu zer egin".

Baina gaur, egubakoitza, izango dute zer egin: parrillada egingo dute eta Soraluzeko jaiak izanda, ziurrenik bertara joango direla adierazi du Alustizak, "jaia ere gure parte da eta ezagutzera emateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.