Horrelakoetan egin ohi den prozedura jarraitu zuten atzoko ohiko osoko bilkuran. Lehenik, idazkariak udalbatzako kideei galdetu zien ea nortzuk zeuden prest alkate kargua hartzeko eta hiruk jaso zuten besoa; Jaione Isazelaia Bilduko hautagaiak, Aintzane Oiarbide EAJkoak eta Mari Carmen Barrenetxea hautagai sozialistak.
Ondoren, idazkariak udalbatzako kide guztiei papertxo bana banatu zien eta bakoitzak modu pribatuan bozkatzeko aukera izan zuen. Papertxoetan izenak idatzi ostean, botoen kontaketa egin zuen idazkariak eta gehiengo absolutuz izendatu zuten alkate Isazelaia, bederatzi eskuratu zituen-eta. Oiarbidek bost jaso zituen eta Barrenetxeak, bakarra.
Ondoren, alkate berriak bere betebeharrak zintzo beteko zituela zin egin behar izan zuen. Hauxe galdetu zion idazkariak Isazelaiari: “Zin egiten duzu edo hitza ematen duzu -zure kontzientzia eta ohoreagatik- alkate karguaren betebeharrak zintzo beteko dituzula, erregearekiko leialtasunarekin, eta konstituzioa –estatuko oinarrizko lege den aldetik- bete eta betearaziko duzula?”. Halaxe erantzun zion Isazelaiak: "Legeak horrela behartuta, zin egiten dut".
Osoko bilkuren aretoan toki berrietan eserita Isazelaia eta Moñux. Ezkerrean, Belastegi zinegotzia.
Jarraikotasuna bermatuko du
Kargua hartu ondoren, hitz batzuk izan zituen Isazelaiak. Adierazi zuen herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua hobetzea dela euren helburua eta Udalarena etengabeko eraikuntza lana dela. Hauxe adierazi zuen: "Udalarena etengabeko eraikuntza lana da, gure aurrekoak egindakoaren gaineann dihardugu eraikitzen. Gure ondorengoak guk ezarritako oinarrietan eraikitzen jarraittu dezaten, Legegintzaldi honetan ez zaigu garai erraza tokatu, susmatzen genuen neurri gabeko hazkundeak topea edukiko zuela, eta une honetan agerian geratzen ari da tope hori. Baina ez dugu etsiko, baikorrak izan nahi dugu, egoera berrietara egokitu beharra daukagu, gizartearen edozein arlotan moduan Udalian ere bai, eta horrek erronka bat jartzen du gure aurrean: Zer egin dezakegu Udaletik Bergarar guztion bizi kalitatea hobetzen jarduteko?, Eta bereziki krisiaren aurpegirik ilunena ezagutzen ari diren herritarrena? Uste dugu imajinazioaz, guztion partehartzearekin eta ausardiarekin lortu dezakegula. Udalaren aldetik ahalegin guztiak egingo ditugula, zin egiten dizuegu".
Eta herritarrendako mezua ere bidali zuen alkate berriak, hauxe esan zuen: "Bergar guztioi, eta batez ere Bergararen erronkekin konprometituta zaudeten guztioi, iritzi desberdinak izan arren, zintzo jokatzen duzuen guztioi, udal taldearen hurbiltasuna, bihotz bihotzez, eskeintzen dizuegu. Tira, eta bukatzeko esaerak dioena eskatuko dizuegu guztioi: Ondo eginak gogoratu eta gaizki eginak barkatu".
Isazelaiaren ibilbidea
Isazelaia Bilduren zerrendan bigarren joan zen 2011ko Udal hauteskundeetan eta Komunikazioaz arduratu izan da orain arte Udalean.
54 urte ditu eta Ikastolen Elkartean aritu da lanean, Eki proiektuaren egile moduan. Jardun hori alde batera utzi eta alkate lanetarako liberatu da orain.
Bi zinegotzi berri
Atzoko ohiko osoko bilkuran, bi zinegotzi berrik ere hartu zuten kargua. Batetik, Joseba Moñuxek hartu zuen Bilduko Isazelaiaren postua, eta bestetik, Rafa Stxez Muxikak hartu zuen Aralarko Justina Elexpururen lekua.
Moñux Hirigintza batzordeburua izango da aurrerantzean. Stxez Muxikak, ostera, seguru aski turismo batzordea partekatuko du Juanje Amasorrainekin batera, Elexpuruk egiten zuen moduan, oraindik guztiz zehaztu ez duten arren.
Udal Gobernu Taldea "indarberrituta"
Isazelaia alkate izendatu berriaren esanetan, kargu-hartze berriekin Udal Gobernu Taldea indarberrituta gelditu da eta Jesus Elortzari eta Justina Elexpururi eskertu nahi izan zien egindako ahalegina. Bestetik, Moñux eta Stxez Muxikari esker onez, ongi etorria eman zien Isazelaia alkateak.
