Erakusketan, bergararrak udaberrian, Manchester eta Liverpooletik itzulitakoan, egindako Rugged erako margoak erakutsiko ditu. Hondo grisaren gainean arrosa eta hori fosforitoa erabili ditu aurpegiera gogorrak eta inguru aldapatsuak sortzeko. Musika-munduari egindako keinuak asko dira sail horretan; margo akrilikoa eta aerosola erabilita sortu ditu. Kartelak-eta itsatsi dizkie gainetik.
Bigarren saila, kanpoko margoek osatzen dute, Azkaratek han-hemenka antolatzen diren lehiaketetan sortutakoak. Inguruko herrietako txokoak jasotzen dituzte margo horiek. Artistak berak onartu du era honetako margoekin lan-harremana izaten duela, ogibidea direla. Gero gauza pertsonalagoak sortu ahal izateko. Dena den, Azkarate margotzen horrelakoetan hasi zen gaztetxotan eta gustura aritzen da oraindik domeketan "goiz jaiki behar izaten bada ere".
Erakusketako hirugarren atala eskulturekin prestatu du. Batetik, objektu hibridatuak daude: gitarra-patinetea, Nintendo-gitarra eta gitarra-potea. Horietako batzuk egiterakoan Ebert Sanchez gitarra-egilearen laguntza izan du. Bestetik, patinete-taula zaharren gainean musikari ezagunak irudikatu ditu, eta gitarraren kableekin osatu. Objektu horietan guztietan erabilitako osagarriak ageri dira, Azkaraterenak edo jendeak zaborretara botatakoak.
Inaugurazioa, gaur
Erakusketa 18:30ean zabalduko da. 19etan kontzertu akustikoa izango da aretoan bertan. Kontzertua Andoni Etxebestek, Jon Zabaletak, Gaizka Azkaratek, Amaia Azpiazuk eta Unai Azkarate berak emango dute. Baliteke, gainera, Azkaratek Nintendo-gitarrari ere eragitea. Hori bukatutakoan, 20:30ean zerbait jateko aukera izango dute Kortazar tabernara hurbiltzen direnek.
Azkaratek Bergarako erakusketaren ondoren Lasarteko Jalgi tabernan erakutsiko du Rugged saila. Horren ostean, lasaitzeko denboraldia hartuko du.