Lehenengo hamabostaldikoen ostean, bigarren hamabostaldiko gazteak iritsi dira Bergarako Mizpirualde Nagusien Egoitzara. Auzolandegietan lan egiten dute gazteek goizetan eta arratsaldetan, berriz, aisialdirako aukera izaten dute. Oraindik pare bat egun bakarrik daramatzate Bergaran bigarren hamabostaldiko gazteek, baina pixkanaka ari dira egoitzako erritmoa hartzen.
13 gazte
Guztira, Mizpirualdera 13 gazte etorri dira bigarren hamabostaldiko auzolandegietara, eta begirale taldea gehituta, 17 lagun ari dira laguntzen egoitzan. Tenerife, Kordoba, Sevilla, Valentzia, arabar Errioxa edo Bilbotik etorritako gazteak dira.
Egoiliarrek asko eskertzen dute auzolandegietako gazteen lana eta desiratzen egoten dira uztaila iritsi eta egoitzan gazteak hartzeko. Gazteek eurek ere asko ikasten dute nagusiekin.
Konpainiarako lagun onak
Eusko Jaurlaritzak eta Bergarako Udalak elkarrekin antolatzen dituzte Bergarako Mizpirualde Nagusien Egoitzako auzolandegiak, eta 4-5 pertsonako taldetan banatuta, egoitzako solairu ezberdinetan egunero izaten dituzte ekintzak eta jolasak.
Hilaren 29ra arte egingo dute lan gazteek auzolandegietan eta egun horretan jaialdia egingo dute arratsaldez. Herritarrak ere gonbidatu nahi izan ditu Etxaide auzolandegietako zuzendariak jaialdi horretara, bertan pasodoble eta trikitixa batzuk dantzatzeko aukera egongo dela esanda.