Jardun: "Umeek ondo pasa dute udalekuetan"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko uzt. 19a, 15:48

Muniben egin duten koloreen festarekin bukatu dituzte aurtengo udaleku irekiak herriko 283 umek. Apar festa, Oñatiko Natura eskolako kideekin egindako natura eguna eta zientzia tailerrak izan dira aurtengo ekintza berritzaileak, eta arrakasta izan dute.

Uztailaren 1ean hasi zituzten herriko umeek Jardunek antolatutako aurtengo udaleku irekiak, eta gaur, egubakoitza, bukatu dituzte, kolorez betetako mosaiko erraldoi batekin. Irratsaioa, altxorraren bila, herri kirolak, ur jolasak, San Fermin eguna, eskulanak eta gehiago egin dute 283 umek hiru astetan.

Helburua, beteta

Guztira 283 umek hartu dute parte Jardunek gidatu dituen udaleku irekietan: 246k Bergaran, 21ek Angiozarren eta 16k Osintxun. Beraiekin 30 begirale ibili dira. "Programa aberatsak egin ditugu, ekintza ugari eta ezberdinak egin dituzte. Udalekuak oso ondo joan dira eta haurrek oso ondo pasa dute. Beraz, helburu nagusia bete da", adierazi du Jarduneko Nerea Mendizabalek.

Zientzia ikasten

Aurtengo ekintza berritzaile eta arrakastatsuenak apar festa, Oñatiko Natur eskolako irakasleekin Errekalde parkean egindako naturaren eguna eta zientzia tailerrak izan dira, eta arrakasta ona izan dutela jakinarazi du Jardunek.
Esaterako, 140 bat neska-mutikok zientzia gertuagotik ezagutzeko aukera izan zuten joan den martitzenean. Elhuyarren eskutik hainbat esperimentu egin zituzten Errekalde jauregiko lorategian. Horietako bat izan zen, adibidez, Mentos-ekin eta Coca Cola-rekin ur-koheteak egitea. Bikarbonatoarekin eta ozpinarekin, berriz, izotz-lehorra egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak