Udako lehen hilabetean 40.000 pertsona ibili dira Bergarako kanpoko igerilekuetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uzt. 17a, 19:03

Iaz baino jende gehiago dabil aurten eta egunero-egunero bataz beste 1.300 pertsona joaten dira. Udalekuetako umeen mugimendu handia izan dute baita ere. Bestalde, hamakak uzteko guneak ere arrakasta handia izan du.

Duela hilabete zabaldu zituzten Bergarako kanpoko igerilekuak eta iaz baino jende gehiago ibili da aurten; guztira, 40.000 lagun sartu dira hilabetean. Egunez eguneko datuak hartuz gero, bataz beste, joan zen urtean baino 150 lagun gehiago ibili dira aurten egunero, eta gutxi gora behera, 1.300 pertsonak erabili dituzte egunero kanpoko igerilekuak azken hilabetean. Unai Asurmendi Agorrosin ekintza guneko gerenteak dio arrakasta dutela igerilekuek eta udalekuetako mugimendu handia ere izan dutela aurten.

Egoki erabiltzearen garrantzia

Erabilera aldetik, baina, erabilera egokiagoak egiteko eskaera egin die erabiltzaileei Asurmendik. Izan ere, belarretan zakarrak aurkitzen dituzte eta ur kontsumoa ere handitu egin zaie umeak dutxetan jolasean ibiltzen direlako.

Tabernako terraza bitan banatuta

Tabernari dagokionez, aurten terraza bi zatitan banatu dute. Modu horretara, kanpoko eremutik ezin da taberna barrura sartu, eta kaletik tabernara joaten direnak, ezin dira igerilekura jaitsi. Horren harira, Asurmendik azaldu du, kexaren batzuk jaso dituztela batez ere taberna barruraino sartu nahi zuten batzuengandik, baina orokorrean aldaketa positiboa dela esan du.

Hamakendako gunea

Bestetik, hamakak uzteko gunea ere badute Bergarako igerilekuetan. Horrela, jendeak hamakak etxetik igerilekura eraman ditzake, eta gero hamaka berriro etxera eraman beharrean, gune batean hamakak beste egun baterako uzteko aukera daukate. Zerbitzu horrek arrakasta handia duela adierazi digu Asurmendik.

Datorren ikasturterako kirol jarduerak

Bestalde, dagoeneko datorren ikasturtearekin pentsatzen ari direnendako,  Agorrosinen zabaldu dute datorren ikasturteko kirol jardueretako zozketan izena emateko epea; 2.200 plaza eskaintzen dituzte 21 kirol jardueretarako. Informazio gehiago Agorrosin.net webgunean eta Agorrosingo harreran bertan jaso ahal izango duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak