Denboraldi gogorra bezain ederra izan da Eibarrendako. Zorionak, Bigarren Mailan jokatuko duzu!
Eskerrik asko. Lan handia egin dugu, eta, egia esan, merezitako saria lortu dugu. Azken lau urteetan Bigarren B Mailan egon gara. Hainbatetan igoera faserako sailkatu, baina azken urratsa egitea falta izan zaigu. Aurten lortu dugu, eta pozik gaude. Eibarrendako, klubarendako eta herriarendako sari handia da.
Hainbat urtean sari barik geratu ondoren, aurten bai. Hospitaleteko partiduan urduri zeundeten?
Bai. Emaitza ona lortu genuen Ipuruan, eta abantaila horrekin joan ginen. Lehen ordu laurdenean abantaila mantenduta, igoera eskura genuela bagenekien. Dena den, urduritasun handia zegoen taldean. Igoeratik gertu geratu izan ginen denboraldiak zetozkigun burura.
Baina tentsio hura ondo kudeatu genuela esango nuke.
Eibarren zaleekin egindako ospakizunak lortutako sariaren parekoak izan ziren.
Bai. Lehenengo, Hospitaleten bertan ospatu genuen eta ondoren, herritarrekin, Eibarren. Untzaga plaza lepo bete zen taldea zoriondu eta agurtzeko.
Zeintzuk dira Eibarren ezaugarri nagusiak?
Talde sendoa garela uste dut. Talde-lana ondo egiten dugu, eta lerro guztietan erregularrak gara. Horiek izan dira gure taldearen ezaugarriak. Gehienak jokalari euskaldunak gara, eta, gainera, kanpotik etorritakoak ondo integratu dira.
Bestalde, Bigarren B Mailak hedabideetan presentzia txikia dauka, eta horrek lasaiago lan egiteko aukera eman digu.
Gaizka Garitanoren aginduetara egin duzu lan. Profesionala izan den jokalaria. Nolakoa da?
Lan handia egiten du, eta neurri berean eskatzen digu: lana, konpromisoa eta profesionaltasuna. Nik esker oneko hitzak besterik ez daukat Garitanorendako. Aurretik elkar ezagutzen genuen. Hirugarren Mailan hura izan zen nire entrenatzailea. Gainera, taldean lekua daukadala esan dit eta oso pozik nago.
Bigarren Mailan, Lehenengotik jaitsi diren talde historikoen kontra jokatuko duzue: Mallorca, Deportivo eta Zaragoza.
Riazorren 25.000 zaleren aurrean jokatzea ikaragarria izango da. Oilo ipurdia ipintzeko modukoa. Baina, era berean, erronka berriari aurre egiteko gogotsu gaude.
Talde historikoak, eta punta-puntako aurrelariak. Erdiko atzelari izanda, ez zara aspertuko.
Atzeko lerroan lekua topatu dut. Zentral postuan gustura dihardut. Aurrelarien maila asko igoko da Bigarren Mailan. Akaso, beste lerro batzuetan ez, baina aurrelarietan oso nabaria da ze mailatan jokatzen duten. Erdi-profesionalak dira asko eta beste bizitasun bat dute baloiarekin: golak egiteko, erdiratzeko, pase luzeak emateko...
Erdiko atzelari postuan bai, baina ze ezaugarrirekin?
Ez dakit ni naizen pertsona egokiena galdera horri erantzuteko [Barre]. Jokalari osoa naizela esango nuke: eskuina naiz eta hankekin baloia ondo kontrolatzen dudala uste dut.
Erdiko atzelari postua ardura handiko postua da egungo futbolean.
Bai. Atezainaren aurretik gaude eta aurrelariak gelditzea da gure lana. Gainera, azkenaldian, bogan daude zentralak. Maila ikusgarria duten zentralak daude: baloia ondo menderatzen dutenak, defentsan sendo ibilita, golak egiteko gai direnak... Sergio Ramos, Gerard Pique eta Thiago Silva daude guztien gainetik. Euren taldeetan ordezkaezinak dira.
Gurera etorrita, beste bi izen aipatuko nituzke: Iñigo Martinez eta Mikel Gonzalez. Denboraldi borobila egin dute Realarekin.
Bai. Batez ere, Mikel Gonzalezen lana azpimarratuko nuke. Bilakaera itzela izan du arrasatearrak azken urtean. Iñigo Martinezek ere maila handia dauka, eta laster jokatuko du Espainiako selekzio nagusiarekin.
Bergararra izanda, ez duzu inoiz Bergararen kamisetarekin jokatu!
Ez. 11 urterekin Lezamara joan nintzen. Han hazi nintzen jokalari moduan. Urte gogorrak izan ziren, baina egun naizena han ikasitakoak emandakoa dela esango nuke.
Asko ikasi nuen, eta lagun asko egin nituen. Heldutasun puntu batetik begiratuta, berriro errepikatuko nuke esperientzia hura. Aberasgarria izan zen.
Lezamatik Eibarrera joan zinen.
Athleticken nire bidea agortu zenean, Eibarrera joan nintzen. Hirugarren Mailan hasi eta gaur arte. Laugarren denboraldia dut Eibarren eta lan ona egin dudala uste dut.
Egunen baten Bergarako kamiseta urdina jantziko duzu?
Akaso, futbola utzi aurretik izango dut Bergararekin jokatzeko aukera. Arantza hori daukat, baina ikusi egin behar.
Oraingoz Eibarrekin jokatuko duzu Bigarren Mailan. Noiz hasiko duzue aurre-denboraldia?
Bi taldetan hasiko dugu: batzuk hilaren 17an eta beste batzuk 24an. Ni neu, bigarren taldean hasiko naiz.
Iraileko liga prestatzen hasiko zarete buru-belarri.
Bai, zalantza barik. Oraindik ez gara egon entrenatzailearekin eta ez dakigu ze asmo izango dituen. Pentsatzekoa da gure helburua maila mantentzea izango dela, hortik gora beste helburu batzuk zehaztea oso zaila delako. Iaz ezinezkoa.
Igoera lortu dugu, baina orain mailara egokitu beharko gara. Disfrutatzeko urtea izango dela uste dut.
Non ikusten duzu zure burua urte batzuk barru?
Ez dakit. Oraingoz, Eibarren. Bi urterako kontratua sinatu nuen, eta bigarrena betetzea geratzen zait. Urtean zehar lan ona egiten badut, Eibarren jarraitzeko aukerak izango ditut.