Aitonetako lorategia egokitzen ari dira probetxu handiagoa ateratzeko

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko uzt. 12a, 13:34

Belarra kendu eta hormigoia bota dute lorategiaren zati baten, erabiltzaileak erosoago ibiltzeko asmoz.

Aitonetako lorategia egokitzen ari dira. Sarreraren eskuma aldean dagoen lorategi zatia ari dira egokitzen, probetxu handiagoa ateratzeko asmoz. San Joxepe elkarteak egindako eskariari erantzunez ari da Udaleko brigada gunea txukuntzen. "Oso gutxi erabiltzen zen", esan du Iñaki Zabala elkarteko lehendakariak; "sustraiak kanporaino zituen gerezizondo zahar bat zegoen, edozein erori eta min hartzeko moduan, mahai zahar bat... Uda partean, bereziki, erabilpen handiago eman nahi genion lorategi zati horri". 

Udal brigadako langileak ari dira lanok egiten. Apurka-apurka dihardute, herriko beste gune batzuetan egiten ari diren lanekin txandakatuz. Hala eta guztiz ere, asteon lanak bukatuko dituztela aurreratu dute Udal brigadatik.

Zuhaitz berria jarriko dute

Erabat hustu dute lorategia eta belarraren ordez hormigoizko zorua jarri dute. Lokatza sortzea ekidin nahi dute eta inork irrist egin eta erortzea. Dagoeneko amaituta dago lan hori. Horrekin batera, lorategia inguratzen duen heskaia txukundu egingo dute Udaleko lorezainek eta negu partera zuhaitz berria ere landatuko dutela aurreratu du Udaleko lorezainen buruak.

Horren harira, gehitu du oraindik ze motakoa izango den erabakitzeke dagoen arren, "gerizpea emango duen zuhaitza" izango dela.  

Lekua egokitzeko lanak amaitu ostean, tabernako arduradunek mahaiak, aulkiak eta eguzkitakoak jartzeko asmoa dutela ere aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak