Santa Marina jaiak ospatuko dituzte datorren eguenean hasita. Hilaren 18an, 19:00etan, meza izango dute parrokian. San Pedro parrokiaren inaugurazioan estreinatu zuten parrokiako koruak Perosiren Lehenengo pontifize-meza abestuko du. Eskainiko duten bigarren emanaldia izango da. Rosa Narbaiza da zuzendaria. Ondoren, Aritzeta abesbatzak kontzertua eskainiko du. Egitaraua ondokoa izango da: Bob Chilcott musikariaren Con amores, la mi madre; Beati quorum via, Stanford-ena; Marum S. Alexanderrem Somebody bigger than you and I; Swingle Singers-en Vem Kan Segla lana; eta, Aita Donostiaren Iru txito.
Kontzertuaren ondoren salda eta txorizoa
Abesbatzaren kontzertuaren ondoren salda eta txorizoa banatuko dute eliza atariaren aurrealdean. Ordu berean, gainera, kalejira egingo dute txistulariekin eta pintxo-poteoa trikitilariekin. Matxiategin buruhandiak egongo dira.
Santa Marina egunaren biharamunean, egubakoitzean, beste bi ekitaldi izango dituzte: 19:00etan boccia lehiaketa, pintxo-poteoa, kalejira txarangak alaituta eta buruhandiak; 22:00etan, dantzaldia Etxalarreko plazan.
Nabarmentzeko ekitaldiak
Zapatuan ekitaldi hunkigarria izango dute: Santa Marina auzoko pertsona nagusiena omenduko dute. Bertsoak abestuko dizkiote eta aurreskua dantzatuko dute. Domekan, aldiz, 12:30ean, Voces y Cuerdas taldeak boleroak eskainiko ditu. Dantzarako giroa jarriko du hain ezaguna den talde eibartarrek.