LED argiteria jarriko dute Bergarako erdigune historikoan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko uzt. 10a, 22:00

Udalak iaz hartutako neurriekin, 50.000 eurotan jaitsi da kontsumoa, eta aurten, energiaren erabilera efizienteagoa eta arduratsuagoa egiteko helburuarekin, aldaketa gehiago egingo ditu. Urtean barrena egingo diren egokitzapenek, alde zaharrean izango dute eragina, hirigune historikoan, zehazki.

Ingurumen zinegotzi Leire Iruin eta Udal Brigadako Argiteria arduradun Juan Ramon Garitanok goizean azaldu dutenez, gaur egungo 150 watteko sodiozko bonbillak kendu eta LED argiak jarriko dituzte hirigune historikoan dauden 113 faroletan. Argiok 50 watteko potentzia dute eta egunerokoan 40 wattetan edo gutxiagoan erregulatuta egongo dira, beharren arabera. 

LED argien ezaugarria da, nahiz eta potentzia txikiagoa izan, sodiozko bonbillek beste argitzen dutela. Horrez gain, argiteria-giroak sortzeko aukera eskaintzen dute, hau da, argiaren kolorea egokitzen uzten dute, sodiozkoek ez bezala.

7.000 euro urtean

Aldaketa horri esker, urtean 7.000 euro eta 45.369,5 kilowatt orduko aurreztea espero dute, "beti ere, herritarren segurtasunari, herriaren itxurari eta kale-giroari inongo kalterik eragin gabe", Iruinek azaldu duenez. Bestalde, gehitu du dagoeneko lehiaketara atera dutela LED argion esleipena eta Udal langileek jarriko dituztela, abendutik aurrera.

Farola fotovoltaikoak

Herriko argiteria egokitzeko bidetik jarraituz, San Martzialerako bide hasieran –zubibide ondoko aparkalekuan– hiru farola fotovoltaiko jarri berri dituzte. Farola horiek eguzkiaren argiarekin funtzionatzen dute, sare elektrikora konektatu gabe. Eguzkiaren argiarekin kargatu egiten dira, ez dira egun osoan itzaltzen eta ordutegiaren arabera intentsitate handiagoa edo txikiagoa izaten dute. Gaur egun hiru jarri badituzte ere, beste hiru jarriko dituztela aurreratu du Iruinek. 

Aldaketa mailakatua

Argiteria publikoaren erabilera efizienteagoa egiteko bidean, aldaketa gehiago egingo ditu Udalak, "era mailakatuan eta egiten den inbertsioa eta lortzen den abantaila orekatuta, eta, noski, teknologia berrien eboluzioa kontuan hartuta".

Hartutako neurriak, datutan:

  • Guztira, 3.031 farola daude herrian eta, gaur egun, horietatik 1.200 itzalita daude.
  • Iazko azken lauhileko bataz besteko aurrezkia 10.000 eurokoa izan zen. Hala ere, abenduan aurreztu zen gehien: 2011n baino 14.350 euro gutxiago gastatu ziren –120.300 kilowatt gutxiago.
  • Hain zuzen, iazko abenduan 27.742 euro gastatu ziren argiterian, eta 2011ko abenduan, berriz, 42.068 euro.
  • 2013rako, 270.000 euroko gastua aurreikusita dago argiteria publikoaren horniduran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak