Gaueko izarpean zeruratu da 'Peter Pan'

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko uzt. 8a, 12:06

Elorriora eroan zuen atzo, domeka, Peter Pan ikuskizuna Bergarako Musika Eskolak eta txundituta utzi zituen ikus-entzuleak, agertoki paregabean. Izan ere, Elorrioko plaza bete egin zen eta eliz ataria eszenatoki bikain bilakatu, udako gau izartsu ederrean.

Arratsalde osoa eman zuten entseatzen eta den-dena prestatzen: Bergarako Musika Eskolako ikasle, irakasle eta abarrak; musikariak eta aktoreak; dantzari-abeslari goi mailakoak, gehienak afizionatuak izan arren. Aurrean eta atzean daudenak. Batzuk, gainera, goizeko lehen ordutik hasiak ziren prestaketa lanetan eta ezuste bati baino gehiagori aurre egin behar izan zioten. Baina guztiak gainditu zituzten gauerako, emanaldi ordurako.

Eta guztia familia osoaren gozamenerako, ikus-entzuleen artean txikienak nagusi baziren ere. Propio jarritako 500 aulkiak di-da batean bete ziren eta askok eta askok zutik jarraitu zuten emanaldia, plaza inguratzen.

Orkestra inoiz baino hobeto entzun genuen, soinua fin, aire zabaleko agertokiak hari egin zion-eta mesede, bereziki. Solistek ere nabarmentzeko aukera izan zuten, nahiz eta mikroekin arazotxo bat edo beste izan. Oso zaila da era honetako muntaian, horrenbesteko abeslariekin, une batean edo bestean desorekarik ez sortzea.


Hasiera indartsua izan zen, Darlindarren eskutik. Eta halaxe joan zen ordu bata jota amaitu zen arte, ordurako gaua freskatzen hasita zegoenean. 22:30ean, ilundu zuenerako, hasi zen eta ordu laurdeneko atsedenaldia izan zuen emanaldiak. Amaieran, denak pozik: bai ikus-entzuleak eta baita taula gaineko eta beheko artistak, musikari, dantzari eta abeslariak. Eta baita antolatzaileak ere, Musikaire bikainekoak eta Pikupe Produkziokoak.

Gabonetan Bergaran estreinatu ostean, Elgetan, Bilbon eta Elorrion izan dira. Agertoki magikoak denak ere, Bilboko Itsas Museokoa eta atzokoa, bereziki. Baina jarraipena izango du Peter Pan-ek eta Kursaalera helduko da aurtengo udazkenean, urriaren 26an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak