Irabazleek, uztailaren 16etik 30era bitartean, Euskadiko 7 auzolandegietako bizipenak, berezitasunak eta txutxumutxuak plazaratuko dituzte Gazteaukera blogean. Hau gauzatzeko, Amurrio, Añana, Lemoa, Lekeitio, Busturialdea, Aduna eta Bergarako auzolandegiak bisitatuko dituzte, eta bertan bi egunez egoteko aukera izango dute. Barru-barrutik bizi izango dute bertako jarduna eta auzolandegietako gazteekin egongo dira, ondoren berri emateko.
Gazteaukera blogean, egunerokoa
Beraien egin beharra Auzolandegietan bizitako esperientziak, Gazteaukera blogean plazaratzea izango da. Egunero testuak, argazkiak eta bideo txikiak eskegiko dituzte. Hau guztia, Gazteaukera blogean eta Gazteaukerako gizarte sareetan ( Facebooken, Twitteren eta Tuentin) jarraitu ahal izango da, ekimena abian den bitartean (uztailaren bigarren hamabostaldian). Blogariek egindako lanagatik ordainsaria jasoko dute eta beharrezko trebakuntza eta material teknikoa ere eskuragai izango dute.
Auzokontalariak lehiaketa maiatzaren 14tik ekainaren 14a bitartean izan da, eta hainbat izan dira interesa agertu eta idazlanak eta bideoak webgunera bidali dituztenak. Ander- Ikus-entzunezko komunikazio ikaslea- eta Ane -kazetaritzan lizentziatua- gogotsu azaltzen dira erronka berriaren aurrean. Biek aberasgarria izango dela deritzote, hain zuzen ere, blogari lanetan aritzea eta Euskadiko auzolandegiak barrutik ezagutzea.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekimena
Auzokontalariak, 18 eta 30 urte arteko Gazte-txarteldunentzat Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak abian jarririko ekimen bat da, eta Auzolandegiak programa ezagutzera ematea du helburu.