Sentimenduz betetako ekitaldiak, Bergarako San Pedro parrokia inauguratzeko

Goiatz Arana Begiristain 2013ko uzt. 1a, 18:23

Zaharberritze lanengatik bi urtez itxita egon eta gero, asteburuaz geroztik zabalik dago berriz ere Bergarako San Pedro parrokia. Zapatu goizean, parrokiako zaindari San Pedroren egunez, izan zen lehen meza entzuteko aukera bertan. Horixe izan zen une berezienetako bat, baina bereziak izan ziren, era berean, egun horretan bertan Koro Parrokial berriak lehen emanaldia egin zuen momentua edota Mozarten 'Requiem'-a interpretatu zutenekoa ere. Horiek entzuten eta parrokian egindako zaharberritze lanak ikusten, gozatu ederra hartu dute bergararrek.

Ekitaldi dotoreak, sentimenduz beteak, izan dira Bergarako San Pedro parrokian asteburuan, zaharberritze lanetarako bi urtez itxita egon eta gero.

Barikuan hasi ziren ospakizunak, San Pedro eta San Paulo egunari dagozkion bezperak abesten. Trinitateko komentuko mojek abestu zituzten salmoak eta eliztar dezentek jarraitu zituzten errezoak. Batzuk otoitz egiten zuten bitartean, herriko Aritzeta abesbatzak emanaldia egin zuen parrokiaren kanpoko aldean, Ariznoa plazan, San Pedro kaleko dendari eta tabernariek antolatuta. Euskal kantagintzako doinu ezagunak abestu zituzten Aritzetakoek eta baita Habanera entzutetsuak ere.

Zapatua, egun berezia

Egun handia baina, zapatua izan zen. San Pedro eguna izanda, parrokiako zaindariarena, meza nagusia egon zen goizean, eta berezia izan zen bi arrazoirengatik: batetik, bi urteren ostean, herritarrek meza bertan entzuteko aukera izan zutelako berriz; eta bestetik, Koro Parrokialaren estreinaldia zelako. 

Esker hitzak

Jon Molina parrokoak gidatu zuen meza eta ondoan izan zuen, besteak beste, bergararren artean herrian abade izanagatik aski ezaguna den Juan Kruz Mendizabal, gaur egun Donostiako Gotzaindegiko Bikario Nagusia. Ordu eta erdiz luzatu zen mezaren amaieran, esker hitzak izan zituen Molinak parrokiaren zaharberritzeaz arduratu den teknikari taldearentzako, eta bereziki, inaugurazio aurreko egunetan buru belarri lanean aritu diren herritarrendako. Molinari berari ere eman zizkioten eskerrak, azken bi urteetan egindako lan guztiagatik. 

Koro Parrokialaren lehen emanaldia

Mezarekin batera, ederra izan zen Koro Parrokial berriak egindako lehen emanaldia ere. 60 bat gizon-emakumek osatu dute parrokiako koroa, Rosa Narbaizaren zuzendaritzapean, eta euren ahotsek erabat bete zuten San Pedro zapatuko estreinaldian. Aurrelan handia egin zuten parrokiaren inaugurazio mezan ondo abesteko eta gustura geratu ziren emaitzarekin.

1.000 lagunentzako 'Requiem'-a

Inaugurazio ekitaldien ginda Bergarako Orfeoiak eta Oñatiko Abesbatzak osatutako koroak, Oñatiko Ganbara Orkestrarekin batera, zapatu iluntzean interpretatutako Mozarten Requiem-ak jarri zuen. Gozatu ederra hartu zuten San Pedron batu ziren ia 1.000 pertsonek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak