San Martzial eguna lagun giro ederrean ospatu zuten bergararrek

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko uztailaren 1a

Goizean goizetik hasi zen jendea San Martzialera igotzen; batzuk oinez eta beste batzuk autobusez edo autoz igo ziren. Urtero bezala, San Martzial jendez bete zen. Lagun koadrilek mahaien bueltan tertulian egin zuten hamarretakoa; txistorra, urdaia edo antxoak jan zituzten, besteak beste. Karramarroak edo barraskiloak sukaldatuta ere eraman zituzten beste batzuk. Urteroko aurreskua ikusten ere adin guztietako jendea izan zen. 

Lizarrako dultzainariek, Zumarragako trikitilariek, Bergarako Udal Txistulari Bandak eta Incansables txarangakoek girotu zuten goiza San Martzialen. Adin guztietako jendea batu zen bertan, eta beste urte batez, San Martzialgo erromeriaz disfrutatu zuten bertaratutakoek.

Arratsaldean jarraitu zuen festak

Bergararrendako berezia izaten da San Martzial Eguna eta, behar bezala ospatzen hasi eta gero, arratsaldean festarekin jarraitzeko aukera izan zuten: umeentzako eta gaztetxoendako jolasak eta herri kirolak egon ziren, sokatira eta txinga eramate saioak, eta baita irrintzi txapelketa ere. Dantza saioa egin eta gero, iluntzean hartu zuten kalerako bidea, jaitsierako txupinazoa bota eta gero.

Herrirak zozketatutako urdaiazpikoa, bestalde, 736 zenbakidun txartelari egokitu zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak