San Pedro egunez, bihar, inauguratuko dute San Pedro parrokia. Bi ekitaldi antolatu dituzte inaugurazio formalerako: 11:30ean hasiko den meza nagusia, eta 19:00etan egingo duten Mozart-en Requiem mezaren emanaldia.
Aritzeta eta Orfeoia
Obren azalpenak emateaz gain, atzoko organo kontzertua eta gaur, egubakoitza, 20:00etan egingo duten San Pedro eta San Paulo eguneko Lehenengo Bezpera kantuak ere, inaugurazio ekitaldien barruan sartzen dira. Horren ostean, Aritzeta abesbatzak emanaldia egingo du Ariznoa enparantzan, 20:30ean. Emanaldi hori, San Pedro kaleko dendari eta tabernariek antolatu dute.
Bestalde, biharko meza nagusian, sortu berri den Bergarako Koro Parrokialak bere lehen kontzertua egingo du, Rosa Narbaizaren zuzendaritzapean. 19:00etan, Mozart-en Requiem meza ezaguna kantatuko dute Oñatiko Abesbatzak eta Bergarako Orfeoiak espresuki obra honetarako sortutako Oñatiko Ganbara orkestrarekin. Aitor Biain oñatiarraren zuzendaritzapean. Mila lagun inguru espero dituzte. Emanaldi horretako sarrerak dagoeneko salgai daude, zortzi eurotan, Pikupe produkzioen bulegoan, kultura etxean eta Lazkano zapata-dendan.







