Xabalote gaztelekuak zenbait irteera antolatu ditu uztailerako

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko eka. 26a, 11:50

Aquaparkera, surf egitera eta San Martzialera joango dira, beste gauza batzuren artean. Zenbait irteeratarako izenematea zabalik dago.

Xabalote gaztelekuak herriko neska-mutikoek uztailean ondo pasatzeko lau irteera antolatu ditu. Lehenengo irteera Arcachongo aquapark-era izango da, azken urteetan egin izan duten moduan. Uztailaren 6an egingo dute eta gutxienez 13 urte (2000. urtean jaiotakoak) izan behar dira joan ahal izateko. Izenematea ekainaren 17tik 28ra da, kultura etxean eta prezioa, berriz, 20 euro dira.

Bigarren irteera uztailaren 13an izango da, eta Zarautzera joango dira, surf egitera. Dena den, euria egingo balu, plana aldatu eta Gasteizko karting-era joango direla aurreratu dute Xabaloteko arduradunek. Izena emateko epea gaur, hilak 24, irekiko dute eta uztailaren 5ean amaituko da, kultura etxean. Prezioari dagokionez, 16 euro dira.

Sobronen, multi-abentura

Uztailaren 20an egingo dute hirugarren irteera eta Sobronera joango dira multi-abentura eguna egitera. Piragua, eskalada, tirolina, igerilekua... askotarikoak egingo dituzte joaten diren gazteek. Izenematea uztailaren 1etik 12ra izango da, kultura etxean eta irteeraren prezioa, 16 euro izango dira.

Laugarren irteera herrian bertan egingo dute, baina horregatik ez du emozio gutxiago izango, izan ere, uztailaren 27an San Martzialera joango dira eta iluntzera arte egongo dira han. Gainera, Marshmallows-ak ere eroango dituzte, gozokiok sutan erretzen dituzten bitartean, lagunarteko berriketaldi atsegina egin ahal izateko. Irteera horretarako izenematea dagoeneko egin daiteke, gaztelekuan bertan, egubakoitzetik domekara.

Gaztelekua uztailean zabalik

Uztailean barrena zabalik egongo da Xabalote gaztelekua. Egubakoitz eta domeketan egongo da zabalik, –zapatuetarako egun osoko irteerak antolatu dituzte– ohiko ordutegian, 17:00etatik 21:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak