Ondoan izan dituenei eskerrak emanaz agurtu da Jesus Elortza Bergarako alkatea

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 25a, 02:01

Jesus Elortza alkateak eta Justina Elexpuru Aralarko zinegotziak, biek euren karguak utzi dituzte San Juan eguneko osoko bilkuran. Udal Gobernuan egon diren bi urte hauetan izandako laguntza eskertu dute biek. EAJ eta PSE-EE alderdiek ere eskerrak eman dizkiete biei. Udal Gobernuak, bere aldetik, Gernikako Arbolako adaxka bana oparitu die.

Ekaineko osoko bilkuraren barruan egin diete uko euren karguei Jesus Elortza alkateak eta Justina Elexpuru Aralarko zinegotziak. Gai zerrendako puntu guztiak eztabaidatu ostean egin dute.

Justina Elexpuru izan da hitza hartzen lehena. "Agur esateko aprobetxatu gura dut une hau. Agur esan eta eskerrak emateko bi urte hauetan lagundu didazuen guztioi. Eskerrak Jaione Isazelaia lagunari, Jesus Elortzari eta Udal Gobernu osoari. Beste etapa bat hasiko dut orain", adierazi du. EAJko Maite Barrenak hitz egin du ondoren: "Zurekin hiru batzordetan egoteko aukera izan dut, eta oso gustura egon naiz, benetan. Ziur nago Udaletik kanpo topo egingo dugula kulturarekin lotutako edozein proiektutan", esan dio. Eta Elexpuruk eskerrak eman dio Barrenari.

Ondoren, Jesus Elortzak hartu du hitza, duela bi urte Udalean nola sartu zen gogoratu du: "Oraindik gogoan dut Bilbon ginen egun hura, Bildu hauteskundeetan egongo zen edo ez ez genekiela. Sekulako zirrara eta poza sentitu nuen aukera izango genuela jakin nuenean. Esperientziarik barik, baina ilusioz eta gogoz sartu ginen Udalean".

Ondoan izan dituen guztiak eskertu zituen Elortzak: "Eskerrik asko Gobernuko talde osoari, baldintzarik gabeko babes eta elkartasuna eman didazuelako; udal langileei; bergararrei, Udala barrutik ezagutzeko aukera eman didazuelako; Jose Luis Elkorori, bi urte hauetan erakutsi didanagatik; preso eta iheslariei, animoak bidaltzearren; Justinari, bizilaguna eta betiko laguna; oposizioari, agur bero bat, eduki ditugun ikamiketan izandako jarreragatik, eta eskerrik asko, baita ere, nola ez, familiari". "Aurrerantzean ere laguntzeko prest izango nauzue", gehitu zuen.

Osoko aretoan zeudenen txaloak jaso ostean, Aintzane Oiarbidek hartu zuen hitza, EAJren izenean. "Diferentzia politikoak baditugu, eta horrek horrela izan behar du, aniztasuna egon dadin. Baina ezberdintasun politikoak izan arren, eskerrak eman gura dizugu pertsona bezala, Jesus Elortza bezala, errespetatu egin gaituzulako. Hemen gaude nahi duzunerako. Osasunean hobera egitea opa dizugu eta bizitza lasaiagoan ere disfrutatu dezazula", esan zuen. "Eskerrik asko Aintzane, kalean elkartuko gara. Berba egiteko beti prest izango nauzu", erantzun zion Elortzak.

Alderdi sozialistako Mª Carmen Barrenetxeak ere eskerrak eman zion. "Guk ere baditugu gure ezberdintasun politikoak, baina uste dut duela bi urte baino gertuago gaudela", adierazi zuen. Eta Elortzaren erantzuna, hauxe: "kalean ikusiko dugu elkar, hemen ibiliko naiz ni-eta". Herritarren txaloak entzun ziren segidan.

Udal Gobernuaren izenean, Jaione Isazelaiak hartu zuen hitza: "Gobernuko taldearen izenean, eskerrik asko bioi, lan egiteko gogoz eta ilusioz egin dituzuelako udal jarduneko bi urte hauek. Ereindako haziak zaintzen jarraituko dugu guk". Segidan, opari bana eman zieten Elortzari eta Elexpururi: haritz bana, Gernikako Arbolako adaxka bana.

Jesus Elortzak joan zen ekainaren 11n iragarri zuen Bergarako alkate kargua utzi egingo zuela, "arazo pertsonalak" tarteko. Haren tokia, orain arte alkate orde izan den Jaione Isazelaiak beteko du. Bestalde, hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan, Justina Elexpuruk ere zinegotzi kargua utziko zuela iragarri zuen.

Joseba Moñux sartuko da alkatearen tokia betetzera eta aurrerago erabakiko dute zeinek hartuko duen Elexpururen lekua. Isazelaiaren eta Moñuxen kargu berrien izendapena egiteko, uztailean egingo dute ez ohiko osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak