Jardun Elkarteak Udako Euskarazko II. Postal Lehiaketa jarri du martxan

Iure Eizagirre 2013ko eka. 25a, 14:00

Udan atseden hartzea dugu gustuko, atseden hartu eta leku berriak ezagutzea. Etxera itzultzen garenerako esperientzia berriak pilatzea, ingurukoei kontatu eta ikasturtean zehar indarberritzeko, oroitzapenetan bada ere, arnasguneak topatzeko.

Bizipen berriak topatze horretan, ordea, komenigarria da egunerokotasunean inguruan ditugun horiekin ere gogoratzea eta noizbehinka, gabiltzan lekuaren berri ematea eurei. Ez dira horren zain egoten baina irribarrea ageri ohi da ezpainetan postal xume bat heltzen den bakoitzean.

Gauza bera gertatzen zaie Jardun Euskara Elkartekoei eta aurten udako euskarazko bigarren postal lehiaketa antolatu dute. Udaz gozatzeko aukera dutenek bisitatutako lekuak ezagutzeaz gain, komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da lehiaketaren helburu nagusia.

Edonork har dezake parte lehiaketan eta gaia librea da, beraz, berdin du Australiaraino heldu, Londresen asteburu pasa egin edo Bergarako igerilekutik mugitu ez bazarete. Leku txikienetan ere gertatzen dira istorioak eta horiek kontatzea da asmoa; postalak jatorrizkoak eta euskaraz izatea baldintza bakarra.

Irailaren 17a baino lehen

Eguraldiak laguntzen ez duelako oraindik planik egin ez dutenak lasai egon daitezke, postalak bidaltzeko epea irailaren 17an amaitzen delako. Parte-hartzaileek helbide honetara bidali beharko dituzte postalak: Udako euskarazko II. postal lehiaketa. Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g, 20570 Bergara. Testuarekin batera, telefono zenbakia jarri beharko dute bidaltzaileek.

Epaimahaiak postalaren edertasuna, orijinaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu eta aurtengo irabazleak tablet bat jasoko du sari gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak