Helduen mailako bost kategorietan jokatu ziren partidak atzo arratsaldean: eliteko senior mutil eta nesketan, senior mutlletan eta junior mutil eta nesketan. Eliteko mutiletan San Francisco Spurt Globers Troters bergarrei gailendu zitzaien finaletan. Nesketan, berriz, Zurrerok Trufasi irabazi zion 15-13. Senior mutiletan Santana River bergararrak izan ziren nagusi, The Best of the Easten aurrean.
Juniorretan Usa el Tablerok talde gasteiztarrak irabazi zion Pino y los demas oreretarrari. Nesketan, berriz, Lo Blanco del Jamon arrasatearrek eskualdean saskibaloiak duen maila erakutsi eta Okartorka urretxuarrei irabazi zieten.
Finalerdien aurretik jokatutako hirukoen txapelketan Intza Lizarazu azkoitiarra izan zen irabazlea, berdinetak apurtzeko egindako azken txandan hiru saskiratze eginda.
Gaztetxoak goizetan
Atzo goizean kadete eta infantil neska-mutilek jokatu zuten 3x3ko txapelketa. Guztira, 12 eta 15 urte bitarteko 70 gaztetxo inguruk hartu zuten parte atzoko jardunaldian.
Gaur, are eta gazteagoak ari dira jokatzen txapelketa. Goizeko 10:00etatik aurrera alebin eta benjamin mailako partidak ari dira jokatzen Labagaraietako kiroldegian.