Aranzadiren jaialdiak kantuan eta dantzan jarri zuen Udal Pilotalekua

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 22a, 15:25

Urteroko ohiturari jarraituz, Bergarako Aranzadi Ikastolak ikasturte amaierako jaialdia egin zuen atzo arratsaldean –egubakoitza–, Udal Pilotalekuan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiez gain, DBH eta Batxilergoko hainbatek ere parte hartu zuten, eta eurekin batera baita guraso talde batek ere; 400-500 lagun inguru guztira. Euren kantu eta dantza saioak jarraitzera, berriz, jendetza joan zen: harmailak bete egin ziren eta askok zutik jarraitu behar izan zuten emanaldia.

LH6koek, Harlem Shake taularatu zuten; LH1ekoek, Hona bostekoa; HH5ekoek, In my mouth; LH4koek, Baby; HH3koek, Yellow submarine; LH3koek, Checherecheche; HH4koek, Urtuko nauzu; LH5ekoek, Udako gau luzeak; eta LH2koek, Behin betiko. Kantuan eta dantzan egin zuten, nork bere saiorako jantzi egokiak aukeratura, gainera. Gurasoek, berriz, We are the World eta Euskara Plazara aukeratu zituzten euren saiorako. Eta egiteko horretan, bidelagun izan zituzten txistua, biolina edota ukelelea jotzera animatu ziren ikasleak.

Parte-hartzaileak eta ikuslegoa bat eginda

Urduri zeuden parte-hartzaile batzuk eta hunkituta ere bai beste batzuk, harmailak jendez gainezka ikusirik; baina guraso, aiton-amona, neba-arreba, irakasle… ikuslegoak bat egin zuen protagonistekin, bat baino gehiago entzun genuen kantuan edo txaloka, eta horrek jaialdi borobil bat egiteko giro aproposa sortzen lagundu zuen.

Miren Castelo eta Alazne Etxabarrik egin zituzten aurkezle lanak eta, jaialdiaren erdi inguruan, marrazki lehiaketako sariak banatu zituzten.

Zalantza barik, Aranzadi Ikastolak modu ezin hobean agurtu du ikasturtea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak