Abesbatza berriak abestuko du San Pedroko inaugurazio mezan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 21a, 15:36

Rosa Narbaiza da sortu berri duten Bergarako Koro Parrokialaren zuzendaria. Requiem kontzerturako sarrerak salgai daude, Pikupe Produkzioak-en, kultura etxean eta Lazkano zapata-dendan, zortzi eurotan. 

Bergarako Koro Parrokiala sortu dute eta hurrengo zapatuan, ekainak 29, egingo du jende aurreko lehen emanaldia, San Pedro parrokiaren inaugurazio ekitaldiko meza nagusian.

Urtarriletik

Urtarrilean hasi zuten Bergarako Koro Parrokiala sortzeko proiektua. "Hileta elizkizunetan sekulako abesbatza egoten da, kanpotik etorri direnak ere harrituta gelditu ohi izan dira abesbatzarekin, baina gainerako elizkizunetan maila baxuagoa egoten da. Hori ikusita, pentsatu dugu hiletetarako elkartzen den abesbatza hori indartzea. Helburua da urteko egun garrantzitsuenetan egiten diren elizkizunetan, behintzat, ganorazko abesbatza batek kantatzea", kontatu du abesbatzako kide den Pedro Garitanok. "Egun jakin horietako batzuk izango lirateke, adibidez: San Pedro, Santa Marina eta San Martin egunak, Gabonak eta Pazkoak", zehaztu du.

Urte hasieratik hona, gero eta kide gehiago batzen joan dira eta egun 60 bat lagunek osatzen dute Bergarako Koro Parrokiala. Santa Marina parrokiko sakristauaren etxean egiten dituzte entseguak, astean birritan. Rosa Narbaiza da zuzendaria. "Perosiren Lehen Meza Pontifiziala prestatu dugu ekainaren 29rako. Guztiondako erronka bihurtu da proiektua. Egia esan pozik nago, jendea gogotsu etorri delako. Ondo aterako dela uste dut, bai", dio Narbaizak. "Guretako sekulako zortea izan da Rosa Narbaiza gurekin egotea. Entseatzeko tokia bagenuen, abeslariak ere bai eta organista ere bai; zuzendaria falta zitzaigun bakarrik, eta sekulako poza hartu genuen Rosak baiezkoa eman zigunean; loteria izan da hori guretako", gaineratu du Pedro Garitanok. 

Parrokia bietan

Bergarako Koro Parrokialak herriko parrokia bietan abestuko du. "Bi eraikin daude, baina bakarra moduan funtzionatzen dute eta bietan abestuko dugu guk. Egia esan ez dakigu oraindik nola egingo duten banaketa, baina gu bietan egongo gara", zehaztu du Garitanok.

San Pedro eguneko meza nagusian egingo du estreinaldia abesbatza berriak Perosiren Lehen Meza Pontifizalarekin, baina errepertorioa zabaltzea ere bada euren asmoa. Indartsu eta gogotsu ekin dio bidea, beraz, Bergarako Koro Parrokialak.

San Pedro elizaren inaugurazio ekitaldiak

  • Ekainak 26: 20:00etan, obren aurkezpena lanak egin dituen Zetabi enpresako teknikoen eskutik
  • Ekainak 27: 20:00etan, Stolz Freres organoaren emanaldia Aitor Olea organistarekin
  • Ekainak 28: 20:00etan, San Pedro eta San Paulo eguneko Lehenengo Bezpera kantuak.
  • Ekainak 29: 11:30ean, meza, Bergarako Koro Parrokialarekin.
  • Ekainak 29: 19:00etan, Mozart-en Requiem kontzertua. Parte hartuko dute: Bergarako orfeoiak, Oñatiko abesbatzak eta Ganbara orkestrak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak