Metalgintzako grebak aurrera jarraitzen du

Jon Berezibar 2013ko ekainaren 20a

Metalaren alorreko langileek greban dihardute oraingo astean, jarraipen ezberdinarekin. Sindikatuek ez dute deialdi bateraturik egin oraingo honetan eta ELA sindikatuak astelehenetik barikurako deialdia egin du eta LAB, Comisiones Obreras eta UGT sindikatuek, astelehenerako, eguaztenerako eta barikurako deitu dute greba. Bihar, barikua, beraz, sindikatu deitzaile guztiek berriz ere egingo dute greba.

Bergaran, atzo, egin zuten eguerdian manifestazioa LAB, CCOO eta UGTk. Egoeraren erantzule Adegi egin zuten sindikatu deitzaileek.

Erreforma, beharginen kalterako

Metalgintzako lan hitzarmenen negoziazioa blokeatuta dagoela-eta, egin dute greba deialdia. Uztailaren 7an lan hitzarmenak bertan behera geratuko dira aurrez berriz negoziatu eta adosten ez badira.
Hala, horrek azken 30 urteotan irabazitako eskubideak galtzea ekarriko lukeela salatzen dute sindikatuek. Azken erreformarekin sektoreek indarra galdu dutela salatzen dute deitzaileek eta patronalak presentzia irabazi duela diote.
 
CC.OO eta UGT sindikatuek probintzia mailako hitzarmen baten alde egiten dute. Negoziazio mahaia ez bada desblokeatzen, mobilizazioekin jarraituko dutela diote sindikatuek.

LAB-ek, bere aldetik, herrialdeko hitzarmen duin bat eskatzen du. Atzo Jon Kirru Iparragirre LABeko kideari hartutako adierazpenetan, hark nabarmendu zuen Adegi geroago eta bakartuago dabilela geratzen. "Herrialdeko hitzarmen duin bat" eskatzen du LABek, "Madrildik Rajoy jaunak hemengo patronalari oparitu dion hitzarmenaren atzaparretatik libre" egongo dena. Grebak izan duen jarraipena ikusita, Iparragirrek nabarmentzen du "enpresari asko, enpresaz enpresa, grebarik ez egitearen truke, akordioen eskaintza zabalagoa" egiten hasi direla eta hori ikusi omen zuten "argi eta garbi" eguaztenean egin zituzten piketeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak