San Martzial berdegunea behar bezala erabiltzeko arautegia egin du Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko eka. 26a, 19:30

Domekan ospatuko da San Martzialgo erromeria eta bertaratuko direnek bete beharreko arautegia egin du Udalak, ingurunea babesteko helburuarekin. Arautegian jasotakoa betetzen ez bada, egindako kalteak konpontzearen kostuak erreklamatu egingo ditu Udalak eta isunak jarri ahal izango ditu. Dena den, Udalak espero du horren premiarik ez egotea.

San Martzialeko baseliza inguratzen duten lurrak udalarenak dira; 10 bat  hektareako eremua, hain zuzen. Udala jakitun da domekakoa jai berezia dela herrian eta bergarar asko hurbiltzen dela egun horretan bertara, baina diote San Martzial ez dela soilik urtean behin erromeria ospatzeko lekua: "Urte osoan zehar aisialdirako leku publikoa da, eta aldi berean natura hobetzeko eta babesteko lekua ere bada". Hain zuen, 2006 urteaz geroztik Udala, beste erakunde batzuen laguntzarekin, hainbat lan ari da egiten erabilpen publikoa zein naturaren kontserbazioa hobetzeko San Martzialeko herri lurretan, aisialdirako ekipamendua jarriz eta mantenduz, eta natura hobetzeko landaketak, itxiturak eta abar eginez.

Badaude arrazoiak eremuaren erabilera arautzeko

Udaletik aurreratu dutenez, badago arrazoirik eremu hori nola erabili behar den arautzeko: "Ibilgailuak sartu izan dira berdegunean, prestatutako aparkalekutik eta bidetik kanpora, lurra eta landaredia hondatuz; lurra hondatzen eta lekua zatartzen duten suak egin izan dira lurrean; zuhaitzetan iltzeak sartzen dira sarri, eta sokak lotu, estalki eta beste egitura batzuk zintzilikatzeko, gero bertan utzi eta zuhaitzak kaltetuz; zuhaitzetako adarrak mozten dira urtero; erromeria egunerako mahaiak jartzeko lurrean plataformak egiten dira, lurzorua izorratuz, lekua zatartuz eta azpiegiturak hondatuz; eta urtean zehar erabiltzeko Udalak San Martzialen jarrita dituen mahaiak mugitu eta apurtu izan dira, beste gauza batzuen artean".

Hori guztia kontuan izanda, Udal agintariek uste dute posible dela "mahaiak egonkor muntatzea, euriaren aurrean estalkiak ipintzea, janaria prestatzea eta jaia disfrutatzea, San Martzialeko zuhaitzak, lurra, hiri-altzariak… izorratu gabe". Eta gehitzen dute horrela egiten dutela herritar gehienek. "Azken finean, jaia errespetuz ospatzeko norberak nola jokatuko duen aurreikusi baino ez da egin behar".

Errespetatu beharreko sei arau

Ibilgailuak:

  • Ibilgailuak baimendutako lekuan baino ezin izango dira utzi.
  • Erromeria egunean zelaira soilik sartu ahal izango dira jeneroa daramaten ibilgailuak baina eramandako materiala laga ondoren, berehala kendu egin beharko dira bertatik.

San Marzaileko berezko elementuak, lurzorua eta azpiegiturak:

  • Ezin da lurra leundu, kendu edota eraldatu.
  • San Martzialeko azpiegitura eta elementu guztiak (haur-jolasak, mahaiak, iturriak, hesiak, hormak, informazio-panelak etab.) errespetatuko dira.
  • Ezin da hormetako edo beste inongo harririk hartu edota mugitu.
  • San Martzialen jarrita dauden mahai finkoak ezin dira eraldatu edo lekuz aldatu.

Zuhaitzak eta enbor zaharrak:

  • Zuhaitzak kontu handiz zaindu behar dira. Ezin da zuhaitzetan iltzerik sartu, eta inolako elementu arrotzik sartu, jarri edo zintzilikatu. Ezin da zuhaitzen adarrik moztu edota hostorik kendu.
  • Erabat errespetatu behar dira San Martzialeko elementu baliotsuak diren hildako enborrak, eta hauek babesteko jarritako egurrezko hesiak ere. Hauek ezin dira moztu, iltzatu, lotu eta edonolako elementu arrotzik jartzeko edo zintzilikatzeko erabili.

Sua:

  • Ezin da surik egin zuzenean lurrean. Gainera, eguraldiak eta sute-arriskuak hala gomendatzen badu, Udalak sua beste edozein eratara egitea debeka dezake.

Erromeria amaitzean:

  • Erromeria amaitzean dena jaso beharko da, bertara eramandako elementu guztiak kendu beharko dira (mahaiak, aulkiak, estalkiak, kupelak…). Elementu horiek erretiratzeko ardura izango dute hara eraman dituzten herritarrak.

Hondakinak:

  • Hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan utzi behar dira. Edukiontzi selektiboak erabiltzea eskatzen da.

Konponketaren gastuak eskatuko dituzte

Aurreko puntuetan jasotakoa betetzen ez bada, egindako kalteak konpontzearen kostuak erreklamatuko dizkie Udalak eta isunak jarri ahal izango dizkie egileei; dena den Udalak espero du horren premiarik ez egotea.

Horrekin guztiarekin, Udalak eskatzen du goian araututako gaien inguruko edozein zalantzaren aurrean, herritarrak argibide eske joatea udaletxera edo San Martzialetan bertan izango diren udaltzainengana. Horrekin batera, U dal-lurretatik kanpora mahairik ez jartzea ere eskatzen dute, aurrez lur-jabeen baimenik lortu ez bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak