Datuek bakarrik berba egiten dute: antolatzaileek 1.500 ikusle aurreikusten zituzten atzoko emanaldian. Ikuskizuna hasteko ordua heldu zenean baina, dagoeneko mila inguru ziren ilaran itxaroten zebiltzanak, eta ondorioz, ikusle muga zabaldu behar izan zuten. Azkenean 2.000 izan ziren musikala ikusi zutenak; arrakasta handia, zalantza barik.
Zazpigarren gunea
Ikusleak txandaka sartzen ziren Museoan, ordu laurdenero talde bat. Txanda bakoitzak 50 minutu inguru behar izaten zuten sei guneetatik pasatzeko. Sei gune ofizial, izan ere zazpigarren bat ere antolatu zuten: Museoaren kanpoko itxaroteko ilara. Zortedun ibili zirenek gutxienez hiru ordu laurden itxaron behar izan zutela ikusita (egon zen ordu eta erdi itxaron behar izan zuenik ere) entretenitzeko piratak protagonista izan zituen pasarte txiki bat antzeztu zuten hamabi bat aldiz. Horrekin lotuta egon zen anekdotarik gainera: piraten papera egiten zutenei behin eta berriz eskatzen zieten eurekin argazkiak ateratzeko.
Ia lau ordu antzezten
20:30etan hasi ziren emanaldiak, eta azken txanda gauerdia pasata amaitu zen. Musikalarekin Bilbora joan ziren ehun partaideek baina, egun osoko lana izan zuten: goizean eta arratsaldeak entseguak izan zituzten. Merezi izan zuen lana, Valen Moñux musikalaren zuzendari artistikoa gustura zegoen eta antzezle eta abeslariek egindako lanarekin. Debagoienetik kanpoko ibilbidearen lehen geralekuan beraz, arrakasta ezagutu du Bergarako Peter Panek.