Gorlako kantina utziko dute Marik eta Jose Marik

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 17a, 11:52

Datorren domekan, hilak 23, agur jaia egingo dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Musika, dantza, txotxongiloak, bertso bazkaria eta San Juan sua izango dira, besteak beste.

Maria Milletek eta Jose Mari Gabilondok hil honen azken egunean utziko dute Gorlako kantina. 13 urtez izan dute haren ardura, eta uztea erabaki dute. "Ilobekin egon gura dugu, eurekin jolas egin, disfrutatu, eta kantinako lana uztea erabaki dugu", dio Maria Milletek. "Guk utzi arren, hala ere, kantinak zabalik jarraituko du, ez da etenik egongo. Neska gazte batek hartuko du erreleboa", jarraitu du. 

Lagun asko

Maiatzetik urrira bitartean izan dute zabalik Gorlako kantina, 13 urtez, Mari eta Jose Mari senar-emazteek. "Egunero zabaldu dugu; lo ere kantinan egiten genuen. Gogoan dut hasieran pixka bat kosta egin zitzaigula kantina martxan jartzea. Baina jendea etortzen hasi zen, eta ahoz-ahokoak gero eta jende gehiago ekarri du urtetik urtera. Bezeroak izan ditugu, bai, baina batez ere lagunak egin ditugu hemen. Bergara, Urretxu, Azpeitia, Azkoitia, Gasteiz, Donostia, Antzuola ... herri askotako lagunak egin ditugu. Lanez gainezka ikusi nautenean, adibidez, mahaitik zutitu eta ontziak garbitzen lagundu izan didate.", adierazi du Milletek. "Domekako agur festa lagun guzti horiei eskerrak emateko eguna ere izango da. Batez ere nire senarrari eta Jose Mª eta Iñaki semeei. Eurek lagundu didatelako egon naiz 13 urtez hemen", jarraitu du. Gorlako kantina zabalik egongo da aurtengo udan ere. Uztailaren 1ean neska gazte batek hartuko du.

Egun osoko festa domekan

Mariri eta Jose Mariri eskerrak emateko eta agurtzeko, egun osoko festa antolatu dute Gorlan domekarako. La Pulgak dantza eta musika eskainiko du zuzenean, El Tenderete taldeak txotxongilo ikuskizuna ekarriko du. Musika talde gehiago ere izango dira. Eguerdian, bertso bazkaria egingo dute Azkarate, Iriondo, Otamendi eta Sasieta bertsolariekin, 14:00etan. Gauean, berriz, San Juan sua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak