Reyes Azkoitiak onartu moduan, egubakoitzekoa ez zen aspaldian Rezustak egin duen partidurik onena, baina bertsio onena erakutsi barik ere nahikoa izan zen atzealdean nagusitu eta kontrarioei erraz irabazteko.
Hala, garaipen horrekin agurtuko du Beñat Rezustak amateur maila, eta hurrengo hitzordua Eibarren izango du, ekainaren 24an. Orduan bai, Aspe kirol enpresaren elastikoa jantzita jokatuko du.
Udaberrikoak, erabakita
Egubakoitzean pilota giro ederra izan zen Udal pilotalekuan, txikienen eskutik Udaberriko finalak jokatu zituzten-eta.
17:00etan hasita, benjamin eta alebin mailako finalak jokatu zituzten, eta partidu oso lehiatuak izan ziren guztiak, irabazleek oso tarte txikiagatik lortu zutelako garaipena. Hala, eskuz binakako partiduetan Losada eta Conde, Larrañaga eta Arriola, Pereira eta Gil, Gutierrez eta Peñin, Arriola eta Zabaltza eta Gallastegi eta Moral bikoteak gailendu ziren.
Horrekin batera, palako emakumezkoen finalean Agirrezabal eta Murgizuk Arenazaren eta Arietaleanizbeaskoa kontra neurtu zituzten indarrak (18-14).
Zozketekin bueltaka
Hilabeteko pasa bada ere, Bergarako Pilota Sailak egindako zozketako saridunak oraindik ez dira azaldu. Lehenengo zozketaren irabazleak (3252) Buruz Buruko Txapelketako finala ikusteko bi sarrera eta 500 euro irabazi behar zituen, baina inor azaldu ez denez, finalerako txartelak eguakoitzean zozketatu zituzten ostera. Eta, Xabi Lazkanok irabazi zituen sarrerok. Lehenengo sariko 500 euroak emateko, baina, irailera arte itxarongo dute, eta irabazlea azaltzen ez bada, dirua pilota eskola sustatzeko erabiliko dute. Jakin, baina, 4627 dela bigarren sariaren irabazlea (Kantabriako hotel baten asteburua), eta hura ere ez dela azaldu.