Jesus Elortza: "Ardura handiak ditu karguak, eta gero eta sarriago ikusten nuen ez nengoela sasoian"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ekainaren 15a

Ondo pentsatutako erabakia izan da, hilabeteetan mamitutakoa, Elortzaren esanetan. Hilaren 24an egingo den osoko bilkuran beteko da dimisioa eta hark lagako duen lekua Jaione Isazelaia zinegotziak hartuko du. Udalean eman dituen bi urteen errepasoa egin dugu Elortzarekin.

Arrazoi pertsonalengatik lagatzen duzu kargua.

Bada dagoeneko urtebete lepoko arazoekin hasi nintzela, harrezkero tratamendu ugari egin ditut, baina boladaka mina bueltatu egiten zait, tentsioek ez didate batere onik egiten eta bada denbora bat proposatu niola taldeari aldaketa egitea. Alkate karguak ardura handiak dauzka eta ehuneko ehunean egotea eskatzen du, eta nik geroago eta sarriago sentitzen nuen ez nengoela sasoian.

Asteon eman duzu horren berri. Komunikabideak martitzenean deitu gintuzun batzar batera; bertan, kargua gogorra egin zaizula esan zenuen. Zergatik egin zaizu gogorra?

Gogorra da kargua berez, eta alkate edo zinegotzi izateko errodajea behar da. Gure taldean badira kide batzuk aurretik zinegotzi izan direnak, baina gehienok, ni neu barne, politikan ibilera motza egindakoak gara, nahiz eta guztiok herrigintzako hainbat arlotan aritutakoak izan. Egoerak nolabait behartuta, gogorik eta asmorik onenak genituelako, hartu genuen kargua ilusio handiz eta horrela segitzen dugu. Baina ezin ukatu ez dela erraza izan, egoera ekonomiko onean errazagoa da kudeaketa, guri krisiaren une gogorrenetakoa ari zaigu tokatzen, oso zuhur jokatzea, soldatak izoztea, gerrikoa estutzea, aurrezte planak egitea, energia gastuak murriztea… Hainbat murrizketa bereziki gogorrak egin zaizkigu. Edozein garaitan, herritarrek politikarien eskuetan utzi dituzten baliabideak erantzukizunez kudeatu behar badira; are gehiago, garai hauetan, non zorpetze maila ezin baiten inolaz ere handitu.

Bi urteotan ze une izan da gogorrena?

Ez nuke bat bereziki nabarmenduko... Tentsio momentuak izan dira, nola ez, baina ez dago bat bera ere txarrerako aparteko gogoangarria egiten zaidanik. 

Osoko bilkuretan ikusi ahal izan dugu, besteak beste, EAJ oposizio sendoa egiten ari dela.

Oposizioak bere lana egiten du, gure errespetu guztia dute, batzorde guztietan eta Tokiko Gobernu taldean parte hartzen dute. Baditugu beraiekin konpartitzen ditugun proiektuak; bat aipatzearren, Bergarako bigarren sektorearen problematika eta soluziobideak aztertzeko mahai bat. Laster etorriko dira bi urte gai horren inguruan lanean ari garela. Osoko bilkuretan eztabaida latzak izaten ditugun arren, bereizten dakigu plano politikoa eta pertsonala. Gu gure lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen gara eta argi izan dugu beti ez genuela besteen lana baloratuko.

Hondakinen gaiarekin, esaterako, oposizioa gogorra izan da...

Egia da hondakinen gaiaren inguruan aukera ikusi duela oposizioak etekin politikoa ateratzeko eta erabili egin duela. Neurri batean, penagarria da, ezen Europako hainbat herritan ekimen beraren aurrean kolore politiko ezberdinak normaltasun osoz bildu baitira, eta argi dago hondakinen gaiari irtenbide teknikoa eman behar zaiola, eta ez politikoa... baina egun, maila horretan dago. Aurrera begira, eztabaida politikotik ateratzea litzateke onena. Herritarrentzako, batez ere. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoan adostasunetarako borondatea azaltzen hasi dira alderdi gehienak eta hau albiste pozgarria da. Hau izan da gure nahia hasieratik, betiere, helburuak argi izanda.

Oposizioak ez ezik, herritarren aldetik ere kontrako jarrera oso modu agerian geratu da, zabor poltsen ekimenarekin, besteak beste. Kontrako ahots asko dago herrian, plataforma bat eratu da… Ze eragin izan du horrek zugan?

Alkate bezala min eman didana izan da ikustea nola joan den garatzen hondakinen bilketaren inguruan herritarren arteko konfrontazio guztiz artifiziala, ingurumenaren zaintza, guztion ardura izan behar lukeena, nola politizatzen joan den modu guztiz interesatuan. Plataformari dagokionez, ordezkariekin izan ditugu gure tirabirak, baina guk zintzo jokatu dugu. Orain, itxaropentsu gaude hasitako hurbilketa prozesuarekin. Beti adierazi dugu jabetzen garela kontrakotasuna badagoela herrian eta hori modu ezberdinetan adierazi dutela. Guk geure posizioa mugitu genuen parte-hartze prozesuetan atera ziren emaitzak errespetatuz eta prest gaude, betiere helburu batzuen barruan, gure posizioa berriz ere birplanteatzeko. Uneoro argi utzi dugu guretzat garrantzitsuena gaikako bilketa tasa batzuetara iristea dela. Ez sistema. Helburu hori lortzeko gaur egungo sistemen artean emaitza hoberenak ematen dituen sistema aukeratu genuen.

Une gozoak ere egongo ziren.

Bai, noski! Gaziak baino gehiago, zorionez! Bereziki estimatu dut taldeak eman didan babesa, hemen lagun handiak egin ditut, baita langileen artean ere. Maila handiko langileria dugu Bergarako Udalean, konpromiso handia duen jendea. Eta beti adierazi dudan moduan, herritarrengandik jasotako esker oneko hitz guztiak, eta baita, kasu askotan, kritika konstruktiboak.

Zuk martitzeneko batzarrean esandako beste gauza bat da herritar guztiei gomendatuko zeniekeela sei bat hilabetez administrazioan egoteko. Zergatik eta zertarako?

Horrela da, sarritan herritarrok Udala guztiona dela ez dugu sentitzen; herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa izanik, sentitzen dut urteetako inertziak eramanda, udal komunitatearen kontzeptutik oraindik urrun gaudela; gure aldetik, Udala herritarrengana hurbiltzeko eta haien parte-hartzea sustatzeko ahaleginetan ari gara. 

Zure kasuan, alkate izan aurretik administrazioarekiko zenuen ikuspegia eta gaur egun duzuna asko aldatu da? Zertan bereziki?

Hemendik gauzak ezberdin ikusten dira, herritarrei arreta emateak aberastu egiten du. Kanpotik, batzuetan, badirudi administrazioa inpertsonala den erakunde burokratiko erraldoia dela; barrutik, ordea, pertsonei zerbitzuak eta laguntza emateko duen gaitasuna ikusten da. Hau da, barruan egonda parte hartzen da pertsonen bizi kalitatean hobetzen lagun dezaketen hainbat erabaki hartzen. Eta hori oso sentsazio berezia da.

Zergatik egin zenuen alkate izateko urratsa?

Egoera berezian osatu ziren 2011ko udal hauteskundeak. Herritarren kopuru haundi batek galarazita izan zuen orduan hautagai moduan aurkeztea, Bilduko zerrendak ilegalizatzeko kinka larrian egon ziren. Egoera hartan, ideologia ezkertiar eta abertzalea dugun hainbat herritarrek, herrigintzan luze aritutakoek, Bilduko zerrendetan joateko konpromisoa hartu genuen. Gehienok ez gara politikariak, baina herri mugimenduetan ibiltzeak esperientzia handia ematen du. Niri, zehazki, zerrendaburu joatea proposatu zidaten, banekien aukera handiak nituela alkate izendatua izateko.

Atzera egin ahal izango bazenu eta agintaldi hasierara jo, zer aldatuko zenuke?

Hasieran, bi pertsona bakarrik liberatu ginen, baina Bergara herri handia da eta egoera ekonomiko honetan proiektuak aurrera ateratzeko lan handia egin beharra dago. Guk hirugarren pertsona bat liberatzea lortu genuen joan den urtean, haren soldata Udalak ordaintzen badu ere, Bilduri dagokion dirutik kenduta; beraz, Udalarentzat ez da inolako kostua, eta, aldiz, gure funtzionamendua asko hobetu da. Agintaldi hasierara bueltatu behar izango banintz, hiru kide liberatuko ginateke hasieratik.

Bi urte eman dituzu alkate moduan, agintaldiaren erdia. Ibilbide horretan zein uste duzu izan dela zure lorpen borobilena? Eta hanka-sartzea?

Hori herritarrek esan beharko lukete; hala ere, lorpenak eta hutsegiteak taldean konpartituak izan dira. Eta argi ikusi duguna da batzuentzat lorpena dena beste batzuentzat ez dela, baina aniztasun hori kontuan hartu behar da eta guztiei erantzuten saiatu gara. Aniztasuna aberatsa baita. Hala ere, garrantzizkotzat jotzen dut ongizateko partidak mantentzeko egindako esfortzua. Baita kaleko giroa sustatzeko kultur ekintzak ere, eta turismoa erakartzeko egindako lana; sei hilabetean 3.000 lagun inguru pasatu dira Bergaratik.  Sozioekonomiari dagokionez, hainbat mahai eratu ditugu; bigarren sektorea, komertzioena eta orain lehen sektoreari heldu beharra daukagu. Ingurumenarekiko konpromisoa ere argia da. Kirolari eta osasunari ere garrantzi handia ematen diogu, baita herritarrek ere. Horren erakusle da Agorrosingo erabilera handia, 1.000 pertsona inguru egunero. Auzoetan ere nahi beste ez egin arren, Elosuko plaza eraberrituko da, Angiozarrera Internet iritsiko da... baina oraindik asko dugu egiteko, eta bi urte hauetan agendetan izatea komeni. Euskarari dagokionez,  normaltasunez bizi dugun arren, lan handia dago egiteko, batez ere erabileran; horregatik, arreta berezia jarri diegu gazteei, eta legealdian plan pilotu bat jarriko da martxan. Kanpotik ikusten ez den arren, barruko funtzionamendua aldatzeko ere lan handia egiten ari gara. Helburu argi batekin herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak sinplifikatu eta errazteko, eraginkorragoak eta efizienteagoak izateko. Eta aipamen berezia egin nahiko nioke aurreko legealditik jasotako plan estrategikoari, herritarren parte hartzearekin egindakoa; uneoro, gure ildoaren ardatz izaten saiatu gara.

Herritarrekin ze harreman izan duzu? Nola definituko zenuke?

Herritarrekin izan dudan harremanak asko eman dit, zuzenean, aurrez aurre, dituzten kezkak ezagutu ahal izan ditut sarritan. Askok euron konfiantza erakutsi didate eta bihotzez eskertzen diet. Hala ere, beti ez da posible izaten herritarrek aurkeztutako arazoei beraiek gustuko izango luketen soluzioa ematea, administrazioak bere mugak baititu, errespetatu beharrekoak. Hala ere, beti saiatu naiz gertutasuna erakusten, nire eguneroko bizitzan ere horrelakoa naizelako. Pertsonekin harremantzea gustuko dut.

Bukatzeke lagatzen duzun proiekturen baten penaz zoaz?

Bai, esan bezala, proiektu asko ditugu bidean, eta niri ez dit denborarik emango gehiago egiteko; Udaletik, behintzat. Esandako moduan, egoera ekonomikoak asko baldintzatu ditu bi urte hauek, baina hainbat proiektu bideratuta geratzen dira eta taldeak aterako ditu aurrera, horrekin seguru nago. Eta ni ere hor izango naiz laguntzeko. Esate baterako, orain esku artean dugu museoko proiektua eta azken bultzada eman nahian gabiltza. Etxe tutelatuena ere dagoeneko laster martxan izango ditugu, momentu honetan egokitzapen obra batzuk egiten ari gara. Etxebizitzen inguruko politikak ere martxan ipini nahi ditugu. Bi urte hauetan egindako lanek hurrengo bi urtetan emango dituzte fruituak, proiektu handiak aurrera eramateko denbora behar izaten da-eta.

Zu bazoaz, baina proiektuetan etenik ez da egongo, horrenbestez, talde lanean funtzionatu duzuelako orain arte.

Taldeak maila oso handia du, profil desberdina dugun pertsonak bildu gara, mahaiak duen ikuspegia oso zabala da alde horretatik. Argi izan genuen hasieratik pertsonalismoetatik urrunduko ginela, hierarkizazioen garaia amaitu da. Ni alkate izan banaiz ere, ez dut inoiz sentitu nire burua besteengandik desberdin. Ideologia bera badugu ere, batzuetan gure artean eztabaida luzeak izaten ditugu akordioetara iristeko, gutxi batzuetan bozketa ere egin izan dugu, baina, normalean, hartutako erabakiak adostuak izaten dira.

Pentsatzen dut alkate karguak bizitza familiarrean ere izango zuela eragina. Zertan?

Alkatearen agenda karguaren ardurek betetzen dute; gainera, ez dira bereizten jaiegunak eta lanegunak, hori zama izaten da familiarentzat; eskerrak eman beharrean nago etxeko ekipoari izan duen pazientziagatik eta eskaini didan babesagatik. Askotan, nirekin batera sufritzea tokatu zaie. Zorte handiko pertsona naizela esan beharra daukat, familia mundiala baitaukat ondoan. Musu bat, denei.

Orain, Lazpiurrera itzultzeko asmoa daukazu.

Bai; gustura, gainera. Oso gustuko nuen; han, behinik behin, ordutegi normalak izango ditut, lasaiago bizi izango naiz, dudarik barik. Hala ere, pena ere badut taldearekin eta langileekin eguneroko harremana galduko dudalako. Dena den, hemen izango naiz behar nautenetan.

Jaione Isazelaia izango da hurrengo alkatea. Zer esango zenioke?

Jaione bidelagun izan dut beti, harreman oso ona izan dugu, elkarren berri etengabea daukagu, hura liberatuta egon ez den arren, telefonoz ia egunero egoten gara eta gai askoren inguruko kontrasteak egiteko jo izan dut harengana. Taldearen babes osoa du, proiektuetan etenik ez dago... Ez zait okurritzen aparteko aholkurik ematea, gure egoeran ez dut premiarik ikusten.

Eta herritarrei?

Plazera eta ohorea izan dela! Eta eskerrik asko.

Nola gustatuko litzaizuke bergararrek gogoratzea Jesus Elortza?

Ze galdera zaila! Bada... pentsatzen dut Bergara eta Euskal Herri hobea eraikitzeko bere harri-koxkorra jarri zuen herritar gisara gogoratuko banindute, konformatuko nintzatekeela! Nik neuk, behintzat, horrela ikusi nahi nuke nire burua atzera begiratzean.

-----------------

Jaione Isazelaia zinegotzia izango da hurrengo alkatea

Jaione Isazelaiak ordezkatuko du Elortza alkate karguan. Isazelaiak 54 urte ditu eta gaur egun Ikastolen Elkartean dihardu, Eki proiektuaren egile moduan. Hori laga eta alkaterako liberatuko da. Bilduren zerrendan bigarren joan zen eta gaur egun Komunikazioaz arduratzen da Udalean. 

Jesus Elortzak hilaren 24an egingo den osokoan lagako du kargua eta Isazelaiak, berriz, uztailean deituko duten osoko bilkura ezohikoan hartuko du. Bien bitartean, Maren Belastegi alkateordeak beteko du alkatearen zeregina. 

Jaione Isazelaiak Bilduko zinegotzi kopuruan lagako duen hutsunea Joseba Moñuxek beteko du. 47 urte ditu, suhiltzailea da lanbidez eta Eibarren egiten du lan. Moñuxek ere uztaileko ezohiko bilkuran egingo du karguaren zina.

Baina aldaketa gehiago ere izango dira Udal Gobernu Taldean; Justina Elexpuruk (Aralar) ere laga egingo du. Legealdiaren hasieran aurreratu zuen bi urterako hartuko zuela ardura politikoa betetzeko konpromisoa, eta bi urteok igaro dira. Haren lekua nork beteko duen zehazteke dago: "Zerrendako hurrengo bi hautagaiek ezetz esan dute; zaila ikusten dut ordezkoa topatzea", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak