Bihar, egubakoitza, zabalduko dute kanpoko igerilekua Agorrosinen, eta zabalik egongo da, egunero, irailaren 15era bitartean. Udako denboraldia heldu, beraz, Agorrosinera.
Iazko prezioak
Edozein herritarrek zein Bergaratik kanpo bizi direnek erabili ahal izango dute kanpoko eremua ere. Erabilera horretarako ordaindu beharrekoa, gainera, iazko bera da; prezioak mantendu egin dira, ez da igoerarik izan.
Horrela, bazkide txartela dutenak txartelarekin sartu ahal izango dira, orain egiten duten moduan. Bazkide ez direnek, berriz, ordaindu egin beharko dute. Hauexek dira prezioak: 0 eta 2 urte arteko umeendako, doan izango da; 3 eta 17 urte artekoek hiru euro ordainduko dute eta 18 urtetik gorakoek, sei euro. "Eguneko prezioak dira horiek. Posible da, baina, goizean sartu, eguerdian kanpora atera bazkaltzera eta arratsaldean berriro sartu, sarrera berdinarekin", adierazi du Iñaki Ugarteburu udaleko kirol teknikariak.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, ez da derrigorrezkoa izango buruko txanoa erabiltzea kanpoko igerilekuan; bai, ordea, barrukoetan. Gainerako arauak ere ez dira aldatu: hau da, aurtengo uda denboraldian ere ezingo da ezer jan kanpoko eremuan, berdegunean. "Hamakak uzteko tokia ere egongo da aurten. Aurreko urteetan bezala, txoko bat egongo da, giltzapean, nahi duenak hamaka han utzi eta behar duenean handik hartzeko", zehaztu du Ugarteburuk.
Kanpoko igerilekuan ere uneoro egongo da sorosle bat, eta arratsaldean, jende gehien batzen den orduetan, bi egongo dira.
Nobedadea
Agorrosingo tabernan egongo da aurtengo nobedadea. Terraza bi zatitan banatuko dute. Modu horretara, kanpoko eremutik ezingo da taberna barrura sartu, eta kaletik tabernara joaten direnak, ezingo dira igerilekura jaitsi. "Terrazaren zati batean barra txiki bat ere egongo da, eserlekuez gain. Barra hori izango da igerilekuko erabiltzaileendako. Kaletik datozenek terrazaren beste zatia erabili ahal izango dute", adierazi du kirol teknikariak.
Ordutegi ezberdinak
Datozen hiru hilabeteetan, beraz, egunero erabili ahal izango da kanpoko igerilekua. Barruko igerilekuak eta Agorrosingo gainerako zerbitzuak ere zabalik egongo dira uda osoan, baina ordutegi ezberdinak izango dituzte batzuek eta besteek.
Kanpoko igerilekuak, esaterako, 10:00etatik 20:30era egongo dira zabalik, egunero. Gainerako instalazioek, baina, ordutegi ezberdinak izango dituzte. Hor sartzen dira barruko igerilekuak, spa eta gimnasioa. Eta zerbitzu horien udako ordutegia izango da: zapatuetan, domeketan, jai egunetan eta abuztuan, 09:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik. Gainerako hilabeteetan, eta aste barruan, 07:00etatik 22:00etara, orain bezala.
Liburutegia ere bai uztailean
Aurreko urteetan bezala, aurten ere egongo da liburutegi zerbitzua kanpoko igerilekuen eremuan. Uztailean izango da hori. Uztaileko arratsaldetan egongo da, zehazki, liburutegi zerbitzua, 15:00etatik 18:00etara. "Batez ere umeek eta gaztetxoek erabiltzen dute, eta eurendako materiala eraman ohi dugu gehienbat, lehenengo irakurketak edo komikiak, esatera. Esperientzia aberasgarria da", dio Mila Agirrezabal liburuzainak.