Datorren 24ko plenoan Udal Gobernuan zenbait kargu aldaketa emango dira: batetik, alkate den Jesus Elortzak kargua eta Gobernu Taldea utzi egingo ditu, bere tokia Jaione Isazelaia zinegotziak hartuko duelarik; bestetik, Justina Elexpuru zinegotziak ere utzi egingo du Gobernu Taldea, erretiroa hartzen duelako.
Justina Elexpuru.
Horiek horrela, bi zinegotzi berri sartuko dira taldean nahiz eta, oraingoz, alkate izango den Jaione Isazelaiak utziko duen zinegotzi karguaren hartzailea soilik dagoen zehaztuta; Joseba Moñux. Justina Elexpuruk esan du bere atzetik zerrendan doazen biek ezezkoa eman dutela eta zail ikusten duela, beraz, ordezkoa topatzea.
Joseba Moñux Bian (Bergara, 1966) suhiltzailea da lanbidez; Eibarren egiten du lan. Mendizalea eta eskalatzailea da, Pol Pol Mendizale taldekoa. Bergara Kirol Elkarteko eskubaloi jokalari izan zen urteetan. Suhiltzaile izan aurretik, eskolak eman zituen Lanbide Hastapenean, Arrasaten.
Joseba Moñux.
Ezohiko plenoa uztailean
Uztailean ezohiko pleno bat egongo da, Jaione Isazelaiak eta Joseba Moñuxek kargua hartzeko. Ekainaren 24tik uztaileko ezohiko plenora bitartean, Maren Belastegik beteko du alkatearen zeregina, bera da-eta alkate ordea.
Jaione Isazelaiak 54 urte ditu eta gaur egun Ikastolen Elkartean dago, Eki proiektuaren egile moduan. Jardun hori alde batera utzi eta alkate lanetarako liberatuko da.
"Arrazoi pertsonalak"
Beren karguak utziko dituzten ordezkari politikoei dagokienez, karguak uzteko arrazoiak desberdinak dira batean eta bestean. Jesus Elortzak arrazoi pertsonalak tarteko utziko du kargua; Justina Elexpuruk, berriz, agintaldi hasieran aurreratu bezala egingo du, izan ere, bi urterako hartu zuen ardura politikoa betetzeko konpromisoa. Esan bezala, Elexpuruk utziko duen postua nork beteko duen ez dago zehaztuta oraindik.
"Ez da etenik izango proiektuetan"
Udal Gobernua osatzen duten pertsonek adierazi dute doazen kideek utziko duten hutsunea nabarituko badute ere, bai maila pertsonalean bai politikoan, Udalean bideratzen ari diren proiektu guztiak taldean hartutako erabakien ondorioa direla, eta ez dela etenik izango: "Gidatzeko era pertsonalistatik haratago erabaki konpartituak izan dira Udal Gobernu honek hartu eta bultzatu dituenak; beraz, uzten duten kideek lagatako hutsunea guztiok sakon sentitzen dugun arren, erreleboa hartzeak ez du inolako etenik sortuko udaletik bideratzen ari garen proiektuetan".
"Eskerrik beroenak"
Bergarako Udal Gobernu Taldeak, azkenik, esker hitzak izan dituzte doazen eta datozen udal-kideentzat: "Bi udal-kide hauek urteak daramatzate herrigintzan lanean eta Udal Gobernuan pasatu dituzten bi urte hauetan, egoera ekonomikoak lagundu ez duen arren, onena eman dute, eta etorkizunean ere, udalean dituzten karduei uko egiten dien arren, Bergaraz eta bergararrez arduratzen jarraituko dute, nahiz eta maila pertsonalean izan. Gure aldetik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu doazen udal-kideei, baita datozenei ere".