Agurne Barruso: "Krisira eroan gaituen ereduaren ordez eraikiko dugu etorkizun oparoa eskainiko digun eredua"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko eka. 10a, 17:12

Aurreko astean hartu zuen kargu berria Agurne Barruso (Bergara, 1968) Bergarako alkate ohiak: diputatu nagusiaren kabinete-burua izango da, Juan Carlos Alduntzinen ordez. Martin Garitano ahaldun nagusi bergararrak beste bergarar bat izango du alboan, horrenbestez. Barruso Euskal Filologian lizentziaduna da eta parte-hartze teknikaria profesioz, Elhuyar Aholkularitzan. Sorturen Gipuzkoako arduradun instituzionala ere bada.

Kargua hartu eta berehala aipatu duzu nahiko zenukeela igartzea Gipuzkoako diputatu nagusia eta kabinete burua bergararrak direla. Zertan igarri beharko lukete bergararrek hori?

Horrela argitaratu bada ere, ez nuen zehazki hori esan. Diputatu nagusia eta bere kabinete burua bergararrak izatea Bergarak igartzea naturala litzatekeela baizik. Foru gobernuak Gipuzkoara begira egin behar du lan eta ez bere kideen jaioterrien arabera. Zertan igarri? Gauza txikietan proiektu handietan baino gehiago, seguru. Sentimendu kontua da. Norberak ez du nongoa den ahazten eta hori nahigabe ere igarri egiten da bere jardunean.

Bergarako UNEDek egoitza aldatu eta Arrizuriaga jauregian kokatuko da?

EH Bilduk legegintzaldi hasieratik egin du eraikinen arteko trukearen aldeko apustua. Kontua da momentu honetan egoera ekonomikoak ez duela ahalbidetzen Arrizuriagak behar dituen inbertsioak egitea. Diru-aukerak zeudenean ez egiten egoskortu izana, oso kaltegarria izan da Bergararentzat eta UNEDentzat. Dena den, eraikinen trukean aurrerapausoak eman daitezkeela uste dut.

Bergaran urteak daroatzate Errege Seminarioaren zientzia bilduma museo bihurtzeko asmotan. Horri bultzada eman nahi diozue Diputaziotik?

Nire iritzian interesgarria da Bergarako Museoa oso, baina aukera ekonomikoak ere baldintza oso garrantzitsuak dira bizi dugun egoeran.

Kargua hartu berritan, eta agintaldia amaitzeko urte bi geratzen direnean, zein izango da zure lehentasuna?

Nire lehentasuna Foru Gobernuaren lehentasunak sustatzea izango da. Ildo honetan, bizi dugun krisia gure jardunaren erdigunean izango da. Orain dela hilabete eskas sortu da diputatu nagusiaren ardurapeko Zuzendaritza berria, Lurralde Garapenerako Zuzendaritza, hain zuzen ere, eta ildo hau giltzarri izango da. Bizi dugun krisi ekonomikoak bi abiaduratan lan egitera behartzen gaitu: alde batetik, epe motzean, krisiaren ondorioak arintzera bideratutako ekimen zehatzak abiatu behar dira eta, bestetik, krisira eroan gaituen eredua eraldatu eta etorkizun oparoa eskainiko digun eredua eraiki behar dugu. Lehenengo ildoari begira, Garapen Ekonomikorako Ponentzian jasotakoa izango da ardatz. Bigarren ildoan, berriz, eskualdeak ardatz hartuta, epe luzera diseinatu beharreko lurralde-ereduan Garapen Agentzien eta eskualdeko eragileen bidelagun izatea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren egiteko nagusia. Bestalde, lurralde garapenaz ari garenean garbi utzi behar dugu ez dugula garapen industrialean bakarrik pentsatzen. Are gehiago, ez dugula garapen ekonomikoan bakarrik pentsatzen, lurraldearen garapen integralean baizik.

Hain justu ere, Berdintasuna, Parte-hartzea, Euskara eta Migrazioa dira diputatu nagusiaren ardurapeko beste zuzendaritzak. Alor horietan, zein izango da lehentasun nagusia, urgenteena edo garrantzitsuena?

Aipatutako hauekin batera Lurralde Garapeneko Zuzendaritza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza ere diputatu nagusiaren ardurapekoak dira. Guztiak estrategikoak EH Bildurentzat. Baina ez horiek bakarrik. Gizarte Politika, Politika Fiskala, Ingurumen Politika, Mugikortasuna eta Ingurumen Politika aurrerakoiak eta jasangarriak ezinbesteko elementuak dira eraiki nahi dugun Gipuzkoarako. Bestalde, jatorri anitzeko gipuzkoar euskaldunez osatutako herrialdea eraiki nahi dugu eta horretan zeresan handia daukate Euskarak eta Kulturak, Migrazioak…. Gainera, zer egiten dugun bezain garrantzitsua da nola egiten ditugun gauzak eta Parte Hartzearen Zuzendaritza gure izaerarekin zeharo bat datorren elementua dugu. Foru gobernuaren jarduna ezin da Zuzendaritza eta Departamentu batera mugatu. Guztiak norabide berean lanean jartzean dago gakoa.

Ze balorazio egiten duzu Gipuzkoako Foru Gobernuaren lehen bi urteena?

30 urtean eredu zehatz baten arabera gobernatutako erakundearen jarduna iraultzea genuen helburu eta bi urte hauetan aldaketa sakonak egon dira Politika Fiskalean, Gizarte Politikan, Hondakinen kudeaketan, Mugikortasunean, Kulturan… Eredu berria eraikitzeko orubea prestatu du Foru Gobernuak pasa diren bi urteetan. Orain eraikitzen jarraitzea dagokigu.

Diputatu nagusiaren bi kabinete-buru ezagutu ditugu bi urteotan, Errazkin eta Alduntzin; orain, zeu hirugarrena. Aldaketa asko?

Asko? Nik ez nuke horrela planteatuko. Datozen egoerei eta erronkei modu egokian erantzutea da erantzukizunez jokatzea dagokio Foru Gobernuari eta hori egin du gureak ere, beharrezkoak edo behartuak izan diren aldaketak eginda. Ez dauka bestelako eraginik gaiak.

Hiri hondakinen kudeaketa da denon ahotan dagoen gaia. Atez atekoaren aldeko hautua egin zuen Bilduk agintaldi hasieran. Orain, berriz, askatasuna eman die udalei egokiena iruditzen zaien bilketa modua aukera dezaten. Zela ulertu behar aldaketa hori?

EH Bilduk argi dauka hondakinak sailkatuta jasotzeko egun ezagutzen dugun sistemarik onena atez atekoa dela. Dena den, inoiz ez dugu eztabaida sisteman jarri nahi izan; helburuetan baizik. Beste batzuk tematu dira atez atekoaren aurkako gurutzada egiten. Guretzat, gutxienez, %60ko birziklatze-tasara iristeko bermea daukan edozein sistema izan daiteke ona. Udalen eskumena da bilketa-sistema kudeatzea eta udalek erabaki dute zein bilketa-sistema ezarri; orain eta lehen. Bestalde, nola iradoki porrota Gipuzkoan hainbat herritan %80tik gorako birziklatze-tasak lortu direnean, beste askotan %70eko tasara iristeko akordioak erdiesten ari garenean? Egungo birziklatze-tasa %33koa da. Eztabaida %70era iristeko sistemen artean egotea arrakasta da eta handia, gainera.

Agintaldi amaierarako, Gipuzkoan %60ko birziklatze maila lortu nahiko luke Aldundiak. Posible da?

Jakina! Baldin eta horretarako borondatea badago. Gaika batzea eta ahalik eta gehien birziklatzea guztion esku dagoen ariketa erraza da. Maila hori lortzeko izan dezakegun oztoporik handiena EAJk bereziki hondakinen gaiarekin egin duen borroka partidista da. Gutariko bakoitzak etxean ondo sailkatu eta bereizten badugu, %80 ere irits daiteke eta hori erakusten dute datuek.

Zela dago Diputazioak Zubietako errauste-planta eraiki behar zuten enpresekin duen auzia?

Ez dugula errauste-plantarik egingo esan dugu eta berretsi egiten dugu. Hori horrela izan dadin gestioak egiten ari da GHK eta bide onetik doaz.

Sozialistekin adostutako krisiaren aurkako plana abian jarriko duzue aurki. Ze ekarriko dio horrek lurraldeari eta, zehatzago, Debagoienari?

Lurralde Garapena planifikatzeko aukera emango digu, baita Debagoienari daukan plangintzan aurrera egiteko ere. Bestalde, epe motzean enplegu zuzena sortzeko aukera emango digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak