Gure esku dago ekimenak, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrak elkartzeko dinamikak, zapatuan egin zuen jendaurreko aurkezpena Irunen, Ficoban. "Eskubide demokratiko baten aldarria" dela adierazi zuten eta protagonista gizartea izatea nahi dutela, gaineratu.
"Ezin da pasatzen utzi"
Erabakitze eskubidearen alde inoizko mobilizazio handiena sortzeko asmoa azaldu zuten, herriz-herri eta sektorez-sektore egindako lanarekin: "Euskal Herria nazio bat da, erabakitzeko eskubidea dauka eta herritarrak dira protagonista". Besteak beste, Eskoziako kasua gogoraraziz, "erabakitzeko eskubidearen trenera" igotzera deitu zuten: "Ezin da pasatzen utzi".
Erabakitzeko eskubidea herritar guztiei dagokiela defendatzen dute bultzatzaileek: "Gure helburua ez da abertzaleen arteko metaketa bat sortzea, gure helburua demokraten arteko metaketa bat sortzea da herri honetan autodeterminazio eskubidea ez delako politikoa, aurre-politikoa baizik", adierazi zuten.
2014rako bi ekintza
Mezua zabaltzeaz gain, musika eta bideoklipa ere aurkeztu zituzten, eta baita datorren urtean egingo dituzten bi ekimenen berri eman ere:
- Batetik, 2014ko apirilean, Anoetan, egin asmo duten hiru eguneko jaialdi erraldoi bat.
- Bestetik, 2014ko ekainaren 8rako antolatu duten giza katea. Durango eta Iruñea arteko giza katea izango da, 130 kilometro eta 50.000 herritar biltzea helburu izango duena.
Abestia Kirmen Uribek, Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak sortu dute, baina euskal kulturgintzako aurpegi ezagun askoren parte-hartzearekin plazaratu dute.
Herriz herri
Datozen egunetan hainbat herritan izango dira aurkezpenak. Debagoienari dagokionez, gaur, martitzena, Bergaran aurkeztuko dute, Irizar jauregian, 19:00etan.