Udaberriko 25. kontzertua egingo du bihar Musika Eskolak

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ekainaren 7a

Zenbait taldetan banatuta, eskolako 400 ikasle inguruk hartuko dute parte emanaldian. 19:00etan hasiko da, Udal pilotalekuan.

Urtero moduan, ikasturtea amaitzearekin batera Udaberriko kontzertua egingo du Bergarako Musika Eskolak; 25.ena. Bihar, ekainak 8, izango da, 19:00etan, Udal pilotalekuan. Horrekin batera, 18:30ean kalejira egingo dute trikiti taldearekin eta kontzertuaren ostean, berriz, afaria, Udal pilotalekuan.
Kontzertuan eskolako zenbait taldek parte hartuko dute: hasiberrien abesbatzak, Suzuki taldeak, akordeoi taldeak, txistu taldeak, trikitilari taldeak, orkestra sinfonikoak, gazte bandak eta haurren abesbatzak. Bukaeran guztiek elkarrekin tutti-a eskainiko dute. Sarrerari dagokionez, 2 euro ordaindu beharko dute haurrek, eta 4 euro, nagusiek.

Bederatzi talde arituko dira

Suzuki taldeak irekiko du kontzertua eta lau doinu eskainiko dituzte. Akordeoi orkestraren txanda izango da gero eta bi abesti joko dituzte. Hasiberrien abesbatza, txistu taldea, orkestra sinfonikoa, haurren abesbatza, soka taldea, trikiti taldea eta gazte banda etorriko dira gero.

Azkeneko tutti-a

Kontzertuaren bigarren zatian, emanaldiaren lehen tartean parte hartu duten talde guztiak arituko dira  elkarrekin, eta horiei guztiei musika tailerreko eta hizkuntza musikaleko ikasleak ere gehituko zaizkio. Amaierako tutti-an hiru obra eskainiko dituzte Alberto Laskurainen zuzendaritzapean: Korrontziren Panderotxoa; Mikel Urdangarinen Badira hiru aste –Xabier Barriolak eta Alberto Laskurainek moldatuta–; eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek Bergarako Musika Eskolarendako konposatutako martxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak