Gorosabeldarrak bolatokira bueltan

Arritxu Barruso 2013ko eka. 7a, 02:00

Hango eta hemengo bolatokietan ezagunak dira oso Jesus Mari eta Jose Luis Gorosabel lehengusuak. "Praka motzak jantzi zizkigutenetik egin izan dugu txirlotan. Hiru hilabeteko aldea daukagu eta beti ibili izan gara bolatokiz bolatoki elkarrekin. Inguruko txapelketetan, batek edo besteak, guztietan lortu dugu txapela", kontatu digute.

Hiru txirlo kategorian jokatu izan dute beti, eta txirloekin duten lotura hain da handia, gaur egun indarrean dauden hiru txirloen estatutuak ere eurek egindakoa dira, 1984an.

Makina bat gaupasa 

Azken urteetan oso gutxi jokatu izan duten arren, garai batean orduak eta orduak emandakoak dira bolatokietan. "Makina bat gaupasa egindakoak gara boloetan jokatzen. Parranda guztiak bolatokietan hasten genituen. Goizaldera askotan egiten genuen topo baserritarrekin. Eurak kalera, merkatura produktuak saltzera, eta gu oraindik boloetan. Gure emazteekin ere haserre bat baino gehiago izan dugu gure zaletasunaren kontura", diote barre artean. 

Merezitako omenaldia 

Gipuzkoako Hiru Txirlo Federazioak bihar, zapatua, Gipuzkoako txapelketaren azken tiraldia egingo du Azpeitian. Gorosabel lehengusuek ez dute parte hartu aurten, baina eguneko protagonistak izango dira: Federazioak omenaldia egingo die. Ilusio handiarekin hartu dute Federazioaren keinua: "Sekulako sorpresa izan da. Ez genuen espero. Uste dugu, gainera, oraindik gazteak garela halako omenaldi bat jasotzeko. Azkenaldian txirloak utzita ditugu, baina omenaldiaren ostean itzuli egin beharko dugu, akaso, bolatokietara. Zapatuan, behintzat, egingo ditugu jaurtiketa batzuk". 

Ez dakigu gaupasarik egongo den edo ez, baina, aspaldiko partez, bihar Gorosabel lehengusuak bolatokira itzuliko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak