Mendekotasun gaiek eragin zuten eskari gehien iaz Gizarte Zerbitzuan

Iure Eizagirre 2013ko eka. 3a, 18:00

Udaleko Gizarte Zerbitzuak 2012ko memoria aurkeztu berri du. Herritarren ongizatea lortzeko, osasunarekin, enpleguarekin eta gizarte arazoekin zerikusia duten gaiak lantzen ditu zerbitzuak. Iaz 1.675 eskari bideratu zituen.

Iaz bideratutako 1.675 espediente administratiboekin, herritarren %11,34ren kasuak aztertu zituen. Gainera, Gizarte Zerbitzuek antolatutako ekintzek 4.197 pertsonari eragin zien, bergararren %28,42ri.

2011 urtearekin konparatuta, %9,16ko jaitsiera egon zen iaz bideratutako eskari kopuruan. Zerbitzuaren gastua, berriz, zertxobait hazi zen, izan ere, 2011an 2.089.377 eurokoa izan zen eta iaz 2.118.110 eurokoa, Udaleko gastu osoaren %11,48.

Mendekotasun gaiak nagusi

Lau izan ziren Gizarte Zerbitzuetan iaz nabarmendutako lan arloak: mendekotasuna, enplegua, diru-laguntzak eta 3. adina.

Mendekotasunari lotutako 563 kasu egon ziren, gehienak ezgaitasunen balorazioekin, elbarrituentzako aparkaleku txartelarekin edo eguneroko jardunean autonomoago izateko mugikortasunerako, irisgarritasunerako eta komunikaziorako laguntzekin erlazionatuta zeudenak.

Egungo egoeran, enplegua izan zen iaz bergararren beste kezka nagusietako bat. Gaiarekin lotutako 420 espediente bideratu ziren. Aurreko urtearekiko igoera nabarmena izan zen, 2011n 179 kasu egon zirelako. Txostenak horren arrazoietako bat zehazten du: iaz, lehen aldiz, Lanbideko espedienteak Gizarte Zerbitzuko espedienteetan sartu ziren.

Bi gai horiek eskarien lehen lekuan jarraitzen dute baina eurek izan zuten jaitsiera nabarmenena 2009 eta 2012 urteen artean.

Ongizatera bideratutako diru-laguntza eskariak 264 izan ziren. Udalak hainbat arrazoigatik ematen ditu laguntzak, gizarte larrialdiei aurre egin ahal izateko, diru sarrerak bermatzeko edo adin txikikoen kargu egin ahal izateko, adibidez.

3. adineko pertsonekin zuzenean lotutako 243 laguntza eskari egon ziren, gehienak etxeko laguntza zerbitzukoak. Horri esker, iaz 119 pertsonei lagundu zitzaien eguneroko oinarrizko premiei aurre egiten. Bakarrik bizi diren edo denbora luzez bakarrik egon behar duten 36 pertsonari tele-asistentzia zerbitzua eskaini zitzaien lehen aldiz 2012an, eta urte amaieran 148 bergararrek zuten larrialdi egoera bati aurre egiteko telelaguntza zerbitzua.

Gizarte Zerbitzuak bideratutako gainerako eskariak atzerritarrekin, berdintasunarekin, drogamenpekotasunarekin, familiarekin, gizarte lankidetzarekin eta bestelako gaiekin lotutakoak izan ziren.

2012ko memoriak horietako bakoitzaren azalpena, egindako lana eta eskainitako laguntzen aipamena, eta zerbitzuaren azken urtetako bilakaera ematen ditu. Udalaren webgunean dago eskuragarri txosten osoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak