Izenematea zabalik dago oraindik uda kanpainan

Iure Eizagirre 2013ko eka. 3a, 15:35

Duela pare bat hilabete ireki zuen Udaleko Kirol Zerbitzuak uda kanpainan izena emateko epea. Maiatzaren erdialdean egin zuen zozketa eta libre geratutako plazak betetzeko izen-ematea dago orain zabalik. Datorren astean, ekainaren 11n, itxiko dute epea.

Umeendako, gazteendako eta helduendako ikastaroak izango dira. Haurrek bi asteko txandetan egingo dituzte saioak, lehen txanda ekainaren 24tik uztailaren 5era izango da eta bigarrena, berriz, uztailaren 8tik 19ra. Gazteek modu berean egin ditzakete ikastaroak baina ekainaren 24tik uztailaren 19rako txanda bakarra ere aukeratu dezakete. Helduek, azkenik, uztailaren 8tik 19ra egingo dituzte ikastaroak.

Eskaintza zabala

Guztira ia 40 ikastaro emango dituzte eta batzuetarako taldeak osatuta daude jada. Beste batzuk oraingo izen-ematearen arabera lotuko dira.

Eskaintza adin ezberdinetara egokituta dago. Umeek tenisa, igeriketa (zapaburu, dortoka eta amuarrain modalitatetan), multikirola, funkya eta irristaketa egiteko aukera izango dute.

Gazteendako aurtengo berrikuntzak eskalada, capoeira eta defentsa pertsonala dira. Horiez gain, hockey-irristaketa, piraguismoa edo areto txirrinda praktikatu ditzakete.

Irristaketa eta tenis- eta eskalada-hastapenak dira helduei aurten proposatutako ikastaro berriak. Aurreko urteetan moduan, igeriketa, aerodance, pilates, gimnasia armonikoa, yoga, multikirola edo capoeira ere egin ahal izango dituzte.

Udako kirol jarduera gehienak Agorrosin kirolgunean izango dira baina Labegaraietan, Udal Pilotalekuan, Zabalotegin eta Ipintza Institutuan hainbat ikastaro eskainiko dira.

Prezio bereziak

Agorrosineko abonatuek prezio murritzagoak izango dituzte uda kanpainan. Aurten ez abonatuendako ere prezio bereziak jarri dituzte eta 18,82 eta 98,63 euro artean ordaindu beharko dituzte, ikastaroaren arabera.

Libre dauden plazetan izena ematen dutenek ekainaren 13an jakingo dute taldea osatu den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak