Giro intimo eta gozoko kontzertuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko eka. 1a, 13:46

Atzo gauean Morau eta Aguxtin Alkahat izan ziren Bergarako gaztetxean bakarlari moduan kontzertua eskaintzen, Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren barruan. Kandelen argi-ilunean eta bakarlarien musikarekin giro intimoa sortu zen. Euriagatik kontzertuak gaztetxe barruko agertokian egin behar izan zituzten, baina herritarrek ez zuten huts egin eta gaztetxea jendez betetzea lortu zuten. Horrelaxe borobildu zuten aurtengo Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren  edizioa.

Gaueko 22:45ak jota hasi zen Morau bakarlaria Bergarako gaztetxea girotzen. Gitarraren lehenengo akordeen ostean, "Inork ezingo du egia ukatu" hitzekin hasi zuen lehenengo abestia. Desamodio kantuak etorri ziren ondoren, nostalgiazkoak gero. Kantu intimistekin publikoa bereganatzea lortu zuen Morau bakarlariak.

Gero etorri zen Aguxtin Alkahat artistaren txanda. Ahots hauskor baina beti trinkoarekin, testu unibertsalak eta noizbehinka 70 urteetako US rocka ekarri zuen taula gainera. Ikus-etzuleak gustura egon ziren kontzertuan.

Egubakoitzak Kartzelan egitasmoko azkenak

Atzoko emanaldiak, aurtengo egitasmoko azkenak izan ziren. Ekaitz Aranberri antolatzaile taldekoak aurtengo balorazio "positiboa" egin zuen. Azaldu zuen hilabetean zehar geroz eta jende gehiago joan dela kontzertuetara; bai adinez zaharragoak eta baita gazteagoak ere. Agertokian bakarlariez gain, literatura musikatua eta musiko rockeroagoak ere izan direla, Euskal Herrian izena dutenak eta baita estatu mailakoak ere. Eta lehenengo eta azkenengo kontzertua izan ezik, beste guztiak gaztetxeko kanpoko aldeko agertokian eman dituztela eguraldiak lagundu duelako. Bergaran egitasmoak "bere izena irabazi" duela ere gaineratu zigun Aranberrik eta dagoeneko egubakoitzetako "plana" bihurtu dela ere esan zigun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak