Bi urteren ostean eta obra sakonak egin eta gero, ekainaren 29an, zaindariaren egunean, inauguratuko dute San Pedro parrokia.
Hiru ekitaldi egingo dira tenplua inauguratzeko, hirurak parrokia eraberrituan, Jon Molina parrokoak azaldu duenez. Batetik, San Pedro egunaren bezperan, egubakoitza, bezperak errezatuko dituzte 20:00etan. Bestetik, San Pedro egunean inaugurazioko meza nagusia egingo da. Goizean izango da meza, 11:30 bueltan, nahiz eta oraindik ordua zehazteko dagoen. Munilla gotzaina gonbidatuta egongo da mezara eta aipatzekoa da San Joxepe abesbatzak –beste hainbat korotako errefortzuekin– abestutako meza izango dela. Hori guztia, arratsaldean Bergarako Orfeoiak, Oñati Abesbatzak eta Ganbara Orkestrak egingo duten emanaldiarekin borobilduko da. 19:00etan izango da eta Mozarten Requiem abestuko dute. Hitzordu horren harira, Molina parrokoak zera zehaztu du: "Hitzordu hori ez da gure meritua, eurak etorri ziren gugana emanaldia San Pedron egin ahal zuten galdetzera, eta guretzat bikaina izan da, inaugurazioa gehiago janzteko. Bientzat mesede".
Parrokia inauguratu baino egun batzuk lehenago ireki nahi dutela ere azaldu du Molinak: "Oraindik egunak zehazteko dauden arren, pentsatzen ari gara eguazten eta eguenean parrokia zabaltzea herritarrek etorri eta ikus dezaten". Horrekin batera, egun bakoitzerako hitzaldiak antolatzen ari dira: "Eguaztenean proiektua egin duten arkitektoekin eta eguenean, artean adituren batekin".
Bi urteko lanak
Bi urte iraun dute San Pedro zaharberritzeko lanek. 2011ko maiatzean itxi zuten eta lan sakonak egin dituzte, "eraikina egoera oso arriskutsuan" zegoelako, Molinak gogora ekarri duenez. Horrekin batera, "harritzekoa bada ere, guztia aurreikusi moduan" joan dela gehitu du.
Zetabi Arkitektura Bulegoak egindako proiektuan oinarrituta, bulego horrek berak eta Jesus Laskurain aparejadoreak eroan dute obren zuzendaritza eta Amenabar enpresa eraikitzaileak egin ditu lanak. Hala definitu ditu Molinak egindako lanak: "Obra honekin eraikina salbatu egin da. Eta kanpotik, behintzat, bere edertasunean onenera ekarri".
Hiru fasetan egin dituzte lanok. Lehenengoan dorrea eta teilatu nagusia konpondu zituzten, eta hori izan da prozesu guztiko lanik garrantzitsuena. Urtebete inguru behar izan zuten horretarako. Lehen fasea egin bitartean, bigarrenari ekin zioten: fatxadak eta presbiterioko eta sakristiako teilatuak eta gainerako teilatu txikiak konpontzea.
Hirugarren fase batean eliza barruko lanak egitekoak baziren ere, "diru iturriak agortu egin dira eta aurreragorako geratu dira lan horiek. Soilik margotu egin dugu, eta orain horretan ari dira", esan du Molinak. Horren haritik, ekarpenak ondo jasoak izango direla gehitu du, "oraindik lan handia egiteko dagoelako eta egindako batzuk ordaintzeko".
Bi milioitik gorako aurrekontua
Lanon aurrekontua 2.100.000 euro ingurukoa izan da eta horri aurre egiteko hainbat diru iturri izan dituzte. Komenio kalean zuten eraikina lehiaketara atera, eta 800.000 eurotan Amenabarri esleitu ondoren, enpresa horrek trukean 800.000 euroko lanak egin zituen parrokian zein Sierbetako komentua konpontzen. Azken horri dagokionez, erabat berritu dute: komentu izatetik, parrokia-etxe batek bete behar dituen zerbitzuak emateko egokitu da.
Diru iturriekin jarraituz, Aldunditik 380.000 euroko laguntza jaso zuten 2011n eta 56.000koa 2012an. Donostiako gotzaindegitik 1.100.000 euro jaso dituzte eta herritarren ekarpena 200.000 eurokoa izan da. Horrez gain, San Pedro parrokiak 100.000 euroko aurrezkia ere bazuen.
Bi parrokiak era jasangarrian nola kudeatu aztertzen ari dira
Bi parrokiak, San Pedro eta Santa Marina, nola kudeatu aztertzen ari direla esan du Molinak. "Ez ditugu konpondu itxita mantentzeko, erabiltzeko baizik, baina ez dugu erabat zehaztu nola egin biak zabalik eta erabiltzen mantentzeko, modu jasangarrian. Izan ere, gastu handia dute. Argia pizte hutsa diru asko da". Hala, bi parrokiak erabiliko dira, baina nola pentsatzen ari dira, kostua ahalik eta txikiena izan dadin. Pentsatzen ari dira, esaterako, hileta elizkizunak txandaka egitea, nahiz eta oraindik ezer erabakitzeke dagoen. Uda emango dute horretarako, "hori guztia zehazteko".
Bien bitartean, irailera arte, San Pedron zapatuetan egongo da meza, 19:00etan, eta hiletak ere izango dira.
Jon Molina, abadea: "Beste mende batzuetarako bermatu dugu San Pedro parrokia"Pozik emaitzarekin? Bizia luzatu diozue. Penatxo batekin geratu zarete, baina. Eskerrak eman nahi dituzu. |