Txikienek erraldoi berriekin entseatzeko aukera izango dute domekan

Iure Eizagirre 2013ko mai. 31a, 15:23

Herriko jaien aurretik hasi zen Erraldoi Taldea haurrekin entseatzen. Jaiak pasa ostean ere, gazteenek afizioarekin jarraitzea dute helburu eta domekan entsegua egingo dute, ekaineko San Martzialei begira.

Herriko jaiek bi erraldoi berri ekarri zituzten eurekin. Orduan aurkeztu zituzten Mikel Ibarzabalek haurrendako egindako Elhuyar anaiak, Fausto eta Jose Luis. Arrakasta itzela izan zuten txikien artean, eta harrera on horri jarraipena ematen saiatuko da Bergarako Erraldoi Taldea. Hamabostero entseguak antolatuko ditu eta domekan izango da hurrengoa, 11:00etan, Zabalotegin.

Helduendako zein haurrendako entsegua izango da baina umeek protagonismo berezia izango dute. 7 urtetik aurrerako haurrek har dezakete  parte entseguan. Erraldoien neurriak direla-eta umeek 1,30 metrotik gora neurtu beharko dute. Hazten joan ahala, erraldoi ezberdinak erabiltzen joango dira eta gero helduen taldera igarotzea da Erraldoi Taldearen helburua, Ibon Unamuno kidearen esanetan.

San Martzialak

Bergarako jaien aurretik egindako entseguetan 24 umek eman zuten izena baina oraindik mugimenduak ez dakizkitela aitortzen du Unamunok. Ekainaren 30eko San Martzial eguna dute gogoan eta horri begira egingo dituzte hurrengo entseguak, baita San Martin jaiei begira ere. Oraingoz herriko jaietan bakarrik irtengo dira umeak, ez kanpokoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak