Biodantza, 'clown' estiloan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ekainaren 3a

Biodantza eta clown-a elkartuko dituen ikastaroa egingo dute Bergarako San Juan auzoko Aibar baserrian ekainaren 7tik 9ra. 18 orduko ikastaro trinkoa izango da; 220 eurotan, ostatua eta jatorduak barne. Oihulari Klownek antolatu du eta Aurea Garcia Florezen –biodantzan eskarmentua duena– eta etxeko Virginia Imazen eskutik izango da. 

Lau elementuekin jolasean 

Aurea Garciak eta Virginia Imazek elkarrekin egiten duten bigarren proposamena da. Festival de Danzas sin Fronteras jaialdian ezagutu zuten elkar; Imazek biodantza aurrez ezagutzen bazuen ere, hasieratik harrapatu zuen Garciaren arteak. Iaz egin zuten lehenengoz biodantza-clown ikastaroa. Orduan, animalien espirituen inguruan egin zuten; eta, sua, lurra, airea eta ura, lau elementuak, oinarri hartuta markatu dute aurtengo gidoia. 

Imazen esanetan, "biodantzak adar asko dituen arren, oinarrian proposatzen duena da biodantzaren bitartez dugun espresatzeko potentziala ezagutzea eta indartzea; alaitasuna, kreatibitatea eta horrelakoak azalerazi, baina beste era batean. Hau da, taldean eta modu dibertigarrian". Rolando Torro Txileko psikologo eta antropologoak asmatu zuen orain 50 urte, gutxi gorabehera. Biodantzaren barruan abordatze asko egin daitezkeela gaineratzen du eta clown-arekin osagarria dela oso. "Biodantzaren bitartez, jendeak gorputzarekin konektatzen du; hau da, biodantzak beroketa ariketen funtzioa betetzen du, clown paperean sartzeko bidea erraztuz". Imazek gaineratzen du gorputzaren kontzientzia hartzen dugun gehienetan, minarekin egiten dugula eta oso gutxitan, berriz, plazeragatik. Arlo biak konbinatuz gero, emaitza  aberatsagoa dela dio, Aureak proposatzen dituen musika eta ariketekin jendea asko zabaltzen delako. Era berean, ikastaro honek arlo ezberdinetako zaleak elkartzeko bidea ere ematen du. Hala ere, Aibar baserrirako proposamena ez diete bakarrik aurrez aipaturiko bi arlo horietan dabiltzanei egin gura, asteburu dibertigarria pasa gura duen edonori baizik. 

Iazko ikastaroaren emaitza onak biodantzaren eta clown-aren arteko formula bateragarria berriz ere errepikatzera bultzatu ditu antolatzaileak; ekainaren 3a, astelehena, da izena emateko azkeneko eguna. Hauxe izan daiteke, bada, sarritan goraipatutako barrearen eta dantzaren onurak praktikan jartzeko unea.

-----------------

Ikastaroaren gainekoak

Iraupena: Ekainaren 7ko 18:00etatik ekainaren 9ko 15:00ak bitartean.

Prezioa: 220 euro; ikastaroa, ostatua eta jatordua barne.

Non: Aibar baserria (San Juan auzoa, Bergara).

Izen ematea: 943769790, 607204503 formacion@oihulariklown.org

-----------------

Aurea Garcia Florez, Imazen begietatik

Festival de Danzas sin Fronteras jaialdian ezagutu zuten elkar Aurea Garciak eta Virginia Imazek orain urte batzuk, eta hasieratik igarri zuten elkarrekiko feeling ona. Imazek emakume oso seduktoretzat eta maitagarritzat definitzen du Garcia, oso xamana dela gaineratuz. Eskarmentu handia du biodantzan eta horregatik da Imazen esanetan gidari ona; aurretik doala dio. Biodantzako saioetarako musika aukeratzen duen abilezia ere goraipatu du eta bakoitzari behar duena emateko eta, era berean, barruan duena askatzeko duen trebezia ere bai. Pertsona oso berezia dela azpimarratzen du behin eta berriz, bitxikeria moduan kontatuz, Asturiasen bizi dela karakola formako etxe borobil xarmangarrian.

-----------------

Virginia Imaz (Oihulari Klown): "Asteburu dibertigarri bat gura baduzue, zatozte gure ikastarora"

Eskarmentua du Virginia Imazek clown moduan. Biodantza clown-arekin lotzen duen ikastaro trinkoa egingo dute euren etxean.

Zein helburu duzue? Gorputzarekin konektatzea, batetik, eta niri dagokidanez, energia hori guztia barrera eramatea. Funtsean, ondo pasatzea da guztion helburu nagusia.

Norentzako da aproposa? Askoren ustetan era honetako tailerrak profesionalentzako dira; baina ez da hori egia osoa. Gerturatzen zaizkigun gehienek, beste lanbide bat dute eta guregana datoz, asteburu dibertigarri baten bila, jolasera, lotsa kentzera... Gaian aritutakoendako zein hasi berriendako ikastaroa egin nahi dugu.

Erlaxatzeko aukera ona. Bai, horixe; alkoholik edan gabeko mozkorraldi dibertigarria da, azken finean, ikastaroa; jolasteko asteburu bat. Elkarrekin barre egingo dugu, erlaxatu egingo gara, pilak kargatuko ditugu. 

Zenbat lagunendako tokia? Gutxienez, hamar lagun behar ditugu taldea osatzeko, eta gehienez, hamasei lagun.

Zein da ikastaroan jarraituko duzuen metodologia? Oso harreman ona dugunez irakasle biok, unean ikusten dugunaren arabera moldatzen dugu gidoia. Oinarrizko eskema honakoa da: beroketak hasteko, espresio beroketak gero, clown inprobisazioak ondoren eta feed-back tartea hurrengoa, ordurarte egindakoak aztertzeko. Bion artean eta elkarrekin egiten ditugu saioak. 

Zer eraman behar dugu? Arropa erosoa da behar dugun guztia. Jatekoa gure kontu, eta, behar izanez gero, lotarako lekua ere badugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak