Piperrak eta letxugak, erdigunean

Arritxu Barruso 2013ko mai. 31a, 11:09

Azken egunotan Bergarako Herri Lagunak kaletik pasa diren herritarrek ezustekoa hartuko zuten, seguruenik. Bertan dauden bi lorategietan, loreak beharrean, letxugak, kalabazak, piperrak, zerbak, artoa, menda eta beste hainbat barazki topatu dituzte. Udalak herriaren erdigunean, eta herritarren bista-bistan, baratze txiki bat ipini nahi izan du.

"Herritar askorendako, seguruenik, ezezaguna izango da ortugintza eta helburuetako bat da baratzeetako produktuak herritarrei erakustea; hau da, ortua herritarren begi bistan ipintzea", azaldu digu Udaleko Lorezainburu Arkaitz Tolosak.

Bi ortuak hurritz-adarrekin egindako itxitura batekin babestu dituzte: "Garai batean horrelaxe egiten zen. Politagoa egiteko eta barazkiak sailkatu eta babesteko egin dugu itxitura hori". Tolosak azaldu digu barazkiak aukeratzerako orduan ere hosto eta lore politenak ematen dituztenak aukeratzen ahalegindu direla.  

'Zain ditzagun lorategiak' 

Herri Lagunak kalean ipinitako bi ortu txikiek, baina, badute beste helburu bat: bergararrak herriko berdeguneak zaintzearen garrantziaz ohartaraztea. "Konturatu gara azken urteetan gure ondarearekiko errespetua galdu egin dugula zeharo. Berdeguneak ez dira batere zaintzen. Debekatuta egon arren, txakurrak lorategietara sartzen dira eta askok eta askok txakur-kakak jaso ere ez dituzte egiten", dio Arkaitz Tolosak.

Ingurumen zinegotzi Leire Iruin ere bat dator ideia horrekin: "Denok nahi dugu herria polita egotea, baina herritarrei ulertarazi nahi diegu polita mantentzeko ardura hori guztiona dela".

Ea, bada, Udalaren nahia betetzen den, herritarrek ortua behar bezala zaintzen duten eta, laster, herritar guztien artean zaindutako piperrak jaiotzen diren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak