Etxebizitza hutsen errekargua baliogabetzeko eskatu du EAJk

Arritxu Barruso 2013ko mai. 29a, 18:28

Etxebizitza hutsen jabeei, Ondasun Higiezinen Zergan, %150eko errekargua egitea onartu zuen Bergarako Udal Gobernuak 2012ko urte amaieran. Gobernuaren hitzetan alokairua sustatzea zen ordenantza fiskal horren helburua. EAJk ordenantzaren kontra bozkatu zuen bere garaian eta astelehenean egindako osoko bilkuran errekargua bertan behera uzteko eskatu zion berriz Gobernuari mozio baten bitartez.

Jeltzaleen esanetan ordenantzak "dirua batzeko helburua" dauka eta Gobernuak alegazioak onartzerako orduan izandako jarrerak "segurtasun falta juridikoa eta arbitrariotasuna" erakusten du herritar guztiekin ez duelako "berdintasunez jokatu".

Salbuespen kasu berriak
2012ko abenduan onartutako errekarguak bazituen salbuespen batzuk; besteak beste, urtarrilaren 1ean Jaurlaritzaren Bizigune moduko programaren batean izena emanda egotea, alokairuko kontratua izatea edo bateren bat etxebizitza horretan erroldatua egotea. Bada, Udalak, herritarrengandik jasotako alegazioak aztertu ostean orain beste kasu batzuk ere salbuestea erabaki du. "Gure helburua alokairua sustatzea da. Bada, aurkeztutako alegazio batzuetan ikusi dugu ordenantzak eskatzen duen moduan urtarrilaren 1ean alokairu kontratu bat izan ez arren, hortik gutxira etxebizitza alokatu dutela eta kontratua aurkeztu dutela. Hortaz gure helburuarekin bat egiten dute eta kasu horiek salbuestea erabaki dugu. Beste kasu batzuetan ikusi dugu bi etxebizitzekin bakarra eginda zutela. Horiek ere salbuespen kontsideratu ditugu eta egoera erregularizatzeko aukera eman diegu", azaldu du Ogasun zinegotzi Lauri Azkargortak.

Salbuespen kasu horiek onartzean Udaleko kontu-hartzaileak eta idazkariak erabakiaren kontrako txostena igorri dute. Udal Gobernuaren esanetan "bidegabekeria kasuak ematen zirela ikusita, erabaki politiko baten bitartez kasu horiek salbuestea" erabaki dute.      

Jeltzaleek asteleheneko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan eskatu zuten "errekargua etetea, idatziz jasotzea zeintzuk izan diren ontzat emandako errekurtsoak, nahiz eta teknikarien kontrako txostena izan eta idatziz jasotzea zeintzuk diren errekurtso horiek onartzeko arrazoiak".

35 kasu salbuetsi ditu Udalak
Udal Gobernuak emandako datuen arabera 835 izan ziren hasiera batean ezarritako errekarguak. 346 alegazio jaso ditu Udalak eta 150 onartuak izan dira. Horietatik 115 onartuak izan dira 2012ko abenduaren 31an ordenantzak jasotzen zituen salbuespenak betetzen zituztelako; beste 35ek berriz, ordenantzaren salbuespenetan sartu ez arren baiezkoa jaso dute Gobernuaren esanetan "helburua betetzen dutelako". 20 kasutan bi etxebizitzekin bakarra eginda zegoelako eta beste 15ean alokairu kontratua erakutsi dute lako 2013an zehar.

Udal Gobernuak adierazi du  salbuespen kasu berrien gaineko informazioa bidaliko diela errekargua ezarritako 835 kasuei.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak