Leire Iruin: "Ez da istilu berezirik egon; sekula baino jai lasaiagoak izan dira"

Arritxu Barruso 2013ko mai. 24a, 15:00

Penteskoste jai euritsuak izan dira aurtengoak, baina, Bergarako Udala pozik dago herritarrek erakutsi duten interesarekin eta egondako parte-hartzearekin. Kultura zinegotzi Leire Iruinek adierazi du gainera, sekula baino jai lasaiagoak izan direla eta ez dela istilu berezirik izan. Txosnagunean izandako giro ona ere azpimarratu du. Jarraian, Leire Iruini egindako elkarrizketa.

Eguraldiak makina bat buruhauste sortu dizue aurten.
Bai. Hala izan da. Uneoro egitaraua moldatzen eta bestelako planak topatzen ibili behar izan dugu. Kalean ziren ekintza gehienak barrura eraman behar izan ditugu.

Horrek kaleko giroa apur bat zapuztu du. Ez da hala?
Bai. Ekintza guztiak barruan egin beharrak hori dakar; kalean ez dela girorik ikusten. Dena dela, oso pozik gaude. Herritarren parte-hartzea izugarria izan da.

800 lagun batu ziren Labegaraietan asteleheneko herri bazkarian. Sekulako arrakasta aurten ere.
Bai, eta, beti bezala, giro bikaina izan zen bazkarian. Gainera, bazkalostean atertu egin zuen eta txarangarekin guztiok batera etorri ahal izan ginen kalera. Oso momentu polita izan zen.

Istilu berezirik izan al da jaietan?
Ez. Sekula baino jai lasaiagoak izan dira eta udaltzainek ere ez digute istilu berezirik aipatu. Egia esan, oso pozik gaude. Txosnetan ere jende mordoa ibili da egunero, eta mota eta adin askotariko jendea, gainera. Horixe zen aurtengo egitarauarekin lortu nahi zutena, eta lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak