Bergaran hizkuntzak ikasten ari direnei beraien ikaskuntza prozesua errazteko tresna bat gehiago eskaintzea da, ekimen honen helburua. Normalean, hizkuntzak ikasten ari direnek, hizkuntza hori praktikatzeko zailtasunak izaten baitituzte.
Izena ematean parte hartzaileei zein hizkuntza eta zein ordutegi eta egun aukeratzen dituzten galdetuko zaie. Taldeak autonomoak izango dira, hau da, ez da irakaslerik egongo akatsak zuzentzeko ez eta mintzapraktika horiek bideratzeko ere.
Lehenengoko bilera ekainaren 10ean 18:30ean izango da, Irizar Jauregian. Horri esker taldekideek elkar ezagutuko dute. Partaideak izango dute kideak eta topalekua hautatzeko aukera. Horrela astero ordu beteko batzarrak izanez.
Taldeak astero arduradun bat izendatuko du. Honek, hurrengo asterako eztabaidarako gai bat hautatu behar du eta taldekideei aurkeztuko die. Honela arduradun horrek gai horrekin lotutako hiztegi espezifikoa, esamoldeak… landuko ditu taldekideei aurkezpena egin ahal izateko.
Taldeetan sartzeko ez da mailaketa probarik egingo, hasiera batean izena ematen duen edozeinek parte hartzeko aukera izango du, hizkuntza maila atzean utzita. Taldeak gehienez zazpi lagunez eta gutxienez lau lagunez osatuta egongo dira.
Izena eman
Izena ematea maiatzaren 27tik ekainaren 5era izango da Kultur Etxean edo 943 779 160 telefonora deituta. Talde hauek martxan egongo dira ekainean eta uztailean. Hilabete bi hauetan, dagoen eskaeraren berri izan eta egitasmoaren hasierako zabalpena egin ahal izango da. Baita, opor sasoirako atzerriko hizkuntza praktikatzeko ere.
Irailean izen-emate epe berri bat irekiko da ikasturte osorako mintza taldeekin.