Rezusta-Jaka bikotearentzat Bergara Hiria pilota txapelketa

Jagoba Domingo 2013ko mai. 21a, 15:21

Beñat Rezusta bergararrak lortu zuen txapela atzo Bergara Hiria pilota txapelketako finala 22-8 irabazi ondoren. Rezusta eta Jakak osaturiko bikotea finalaren jaun eta jabe izan zen eta pilotalekuan bildu zirenei gozatzeko parada bikaina eman zieten.

Pilota arratsalde ahaztu ezina izateko osagai guztiak zituen atzokoak: Pentekoste jaietako hirugarren eguna, momentuan puntako pilotariak promesa eta senior mailetan eta Bergarar bat finala jokatzen, jokalariek eta zaleek ez zuten kale egin. Bergarako Udal Pilotalekua jendez goraino bete zen Altuna-Ander Imaz eta Irribarria-Xanet Imaz-en arteko finala eta Jaka-Rezusta eta Yoldi-Tolosaren arteko finala ikusteko.

Promesen finala

Arratsaldeko 19:00etan hasi zen promesen mailako finala, eta Altuna-Ander Imaz bikoteak 22-7 irabazi zuen norgehiagoka Irribarria eta Xanet Imazek osaturiko bikotearen aurka. Altuna aurrelaria izan zen partiduaren jaun eta jabe hasieratik. Errematean oso fin ibili zen eta ikusle asko harrituta utzi zituen airez jokatzeko erakutsi zuen erraztasunarekin, askok aspaldian ikusi gabeko jokaldiak era naturalean egin zituen eta. Hamalau tanto egin zituen Altunak, horietako 3 saketik eta tanto bakarra galdu zuen, Imaz bikotekidea ere fin ibili zen atzean. Irribarria eta Xanet Imaz bikoteari ez zioten txapelketa irabazteko aukerarik eman.

Seniorren finala

Promesen partidua amaitu ostean, pilotalekuko giroa berotu egin zen, Rezusta bergararrari animoak emateko herritar asko hurbildu zirelako, tartean koadrila gazte bat. Partidua ondo hasi zuen Rezusta eta Jakak osaturiko bikoteak lehenengo tantoa galdu arren. Norgehiagoka osoan zehar aurrean eta atzean partiduaren kontrola eraman zuten, Yoldi eta Tolosari aukera gutxi emanez. Bikote horrek txapelketa osoan zehar joko ona erakutsi arren, finalean ez ziren etsai izan Rezusta  Jaka bikotearentzat. Azken honek, 13 puntu egin zituen, 2 saketik. Tanto asko luzeak izan ziren, Jaka eta Yoldi aurrelariek egindako joko azkarrari kontrapuntua ondo baino hobeto jarri ziolako Rezustak atzetik, bergararrak partiduaren tempoa kontrolatu zuen eta tanto polit batzuk utzi zituen baita ere. 22-8 irabazi zuten partidua eta Jaka izendatu zuten txapelketako jokalari onena bezala, finalean eta txapelketan zehar erakutsitako joko onarengatik.

Antolatzaileak ere oso pozik amaitu zuten aurtengo edizioa, publikoaren erantzuna itzela izan zelako eta datorren urterako adorea eman diela esan dute, beraz, hurrengoan gehiago.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak