San Martin plazak batu ditu goizeko ekitaldi nagusiak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko mai. 18a, 17:30

Bergaran, aurrera jarraitzen dute Pazkoek, eguraldiak lagundu ez arren. Bigarren egunean ere euriak ez du atseden hartu eta herritarrak udaletxeko eta seminarioko arkupeetan babestu dira. 

11:00etan, txikitxoei ongi-etorria egin diete udaletxeko pleno aretoan, eta agerian geratu da bergararrek ondorengorik ez dutela falta izango, prest zituzten zapi guztiak –125– banatu dituztelako. Ordurako janari usaina har zitekeen udaletxeko arkupeetan, bakailao lehiaketara aurkeztutako bikoteak kazolak prestatzen hasiak ziren-eta. Bederatzi elkarte egon dira ordezkatuta eta Pertxa elkarteko Josune eta Jose Mari Perezek prestatutako bakailaoak eraman du sari nagusia; San Juan elkarteko Iñaki Umerez eta Jose Bizente Maraurik bigarren egin dute; eta Basalgoko Angel Martin eta Roberto Maiztegik, hirugarren.

Baina helduak bakarrik ez, gaztetxoak ere ausartu dira sukaldari lanak egitera: hainbat neska-mutiko animatu dira aurten lehen aldiz antolatutako talo tailerrera. Egindako lanak saria izan du, gainera, izan ere, behin lanak bukatuta, nork bere taloa jateko aukera izan dute. 

Eta birziklatzeko aldarrikapena kalean egon da gaur ere: Udalak plastikozko edalontzi berrerabilgarriak banatu ditu, euro baten truke, eta txorizo egosia eta tragoa ere banatu ditu horrekin batera.

Arratsaldeko hirurak izateko asko falta ez zela, bestalde, 100 bat lagun txosnetako karpan batu dira, bazkaltzeko. Mokadu eta trago, tripa betetzen joan ahala, bertsotan egiteari ekingo diote: Alaia Martin eta Aitzol Barandiaran gonbidatu dituzte egiteko horretara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak