Euripean hasi dituzte bergararrek Pentekoste jaiak

Iure Eizagirre 2013ko mai. 17a, 23:59

Arratsaldeko zortziak baino lehen hasi da jendea pilatzen Bergarako plazan 2013ko Pentekoste jaiei hasiera emateko. Bitorianatxori harrera euripean egin badiote ere, ez da kolorerik eta umorerik falta izan bergararren artean.

Aterkiek bete dute Bergarako plaza, horiek izan baitira jaiei hasiera eman dieten bi txupinen zain zeudenen aterpe bakarra. Euria medio, San Martin plaza bete egin da. Aurtengoan Luis Mari Gutierrezek eta Felix Iñiguez de Herediak bota dituzte txupinak eta jendearen algararen artean egin du agerraldia Bitorianatxok. Seminariotik udaletxerako bidea zintzilik egin ostean udaletxeko balkoitik agurtu ditu herritarrak.

Bandaren musikak plaza alaitzen zuen bitartean, koloretako globo erraldoiak zabaldu dira jende artean. Festari hasiera emateko, udaletxetik eta zenbait balkoitik ere, kolorotako konfetiek jantzi dute plaza.

Omenaldia 'Guti' eta 'Felix'i

Hasierako ekitaldiaren ostean, Seminario aurrean zegoen eszenatokiak batu ditu begirada guztiak. Mikel Laskurain aktorearen eskutik, festa hauetan, Guti eta Felixek jasoko duten lehen omenaldia egin diote. Alkateak abestutako bertsoaren ostean, zapi bana eta euskal makila oparitu dizkiete. Aurreskuarekin amaitu dute ekitaldi berezi hau. 

Gainontzeko egunetan Bergaran ez da festarako aitzakiarik faltako eta Goienan bertan jasotzen den guztia kontatuko dizuegu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak